Euskal Kopako txapeldun bihurtu da Aitziber Ibarbia (Zizurkil, 1977), bigarren urtez jarraian. Euskal Selekzioko korrikalariak oso denboraldi polita egin du, eta datorren urterako helburu handiak ditu buruan.
Euskal kopa irabazi duzu. Zer izan da hori zuretzat?
Poz handia da niretzat, izugarria. Aurreko urtean ere lortu nuen Euskal Kopa irabaztea eta urteko helburuetako bat bihurtu da niretzat. Hortaz, primeran!
Euskal Kopa osatzen duten sei probetan parte hartu duzu?
Ez, batean ez nuen parte hartu, Lezamakoan. Beste lasterketa batean izan nintzen, Beasainen.
Parte hartu duzun probetatik zein iruditu zaizu politena edo zeinetan gozatu duzu gehiago?
Jokatu den azken proban, Gorbeia Suzien Eguzkilore izenekoan, ezin izan nuen asko gozatu lesio batek ez zidalako utzi, baina, oso ibilbide polita iruditu zitzaidan. Gehien gozatu nuen lasterketa Camille Extreme izan zen, Izabakoa. Izugarrizko ilusioa egin zidan han irabazteak, hainbat aldiz parte hartu baitut bertan, eta ordura arte ez nuen irabazterik lortu. Ia-ia Euskal Kopa irabazteak baino gehiago hunkitu ninduen garaipen horrek.
Eta gogorrena zein izan da? Zergatik?
Camille Extreme bera ziur aski. Guztien artean teknikoena dela iruditzen zait, eta mendi lasterketetan punta-puntan dago.
Nola liteke gehien gozatu zenuen lasterketa iruditzea, era berean, gogorrena?
Ez dakit! Masokista xamarra izango naiz! Agian, gehien sufritzen dugun lasterketak bukatzeak betetzen gaitu gehien. Esfortzurik gabe erdietsitako lorpenek ez dute baliorik.
Zein prestaketa mota egin duzu Euskal Koparako?
Euskal Selekzioko partaidea naiz aurten, lehen aldiz, eta entrenatzaile bat daukagu taldean: Jokin Lizeaga. Berak jartzen dizkit neure helburuen araberako entrenamenduak. Munduko Kopa nuen aurten helburu nagusi, eta uztailean eta abuztuan sasoi onenean egoteko entrenatu naiz. Azken lasterketetarako, maila apur bat jaitsi dut.
Astean zenbat egunetan entrenatzen zara?
Astean bost egunetan entrenatzen naiz. Beste bietako bat atseden hartzeko erabiltzen dut, eta azkena, lasterketetan parte hartzeko. Ia astebururo parte hartzen dut lasterketaren batean.
Lasterka egiteaz gain, bizikletan ibiltzeaz edo gimnasioaz baliatzen zara hobetzeko?
Bizikleta asko gustatzen zait lasterka egitearekin batera uztartzeko. Gimnasioaren oso zalea ez naiz; ez zait asko gustatzen; astuna egiten zait. Aurtengo denboraldian konturatu naiz horretan hobetu behar dudala asko; gimnasioak balio handia du indarra hartzeko, eta denboraldian zehar lesioak saihesten asko laguntzen du. Orkatilak eta belaunak indartzea oso garrantzitsua da denboraldia ondo eramateko.
Nolakoa iruditzen zaizu dela emakumezkoen maila Euskal Kopan?
Aurten oso maila polita egon da. Sailkapen orokorreko lehen hiru postuen artean oso lehia polita eduki dugu. Lasterketa batean batek irabazten bazuen, hurrengoan besteak eta horrela… Bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan inoiz egon den mailarik onena izan da aurtengoa.
Nolako etorkizuna dute mendi lasterketek?
Puri-purian daude! Aurten beste hiru edo lau lasterketa berri antolatu dituzte, eta berriak izan arren, oso ondo antolatuak egon dira: kalitate handikoak dira. Betidanik izan ditugun lasterketak erreferentziatzat hartuta, esperientzia handia hartzen ari dira Euskal Herriko lasterketak. Lasterketen inguruan egiten dituzten jarduerak ari dira nabarmen hobetzen, eta horrek ekitaldia borobiltzen du. Atzerriko lasterketa handiekin alderatuta, euskaldunek ez dute zertan inbidiarik sentitu.
Zein helburu dituzu etorkizunerako?
Lehenik eta behin, Euskal selekzioak aurrera jarraituko duen jakin behar dut, eta hala balitz, nirekin kontatzen duten. Orain Euskal Mendizale Federazioko hauteskundeak dira, eta baieztatu arte ez dago jakiterik. Euskal Selekzioak aurrera jarraituko balu, Munduko eta Espainiako Kopetan parte hartzea izan liteke helburu nagusia. Gero, datak ikusi beharko dira Euskal Herriko lasterketatan parte hartu ahal izateko.
Esan daiteke Euskal Kopa prestakuntza gisa erabiltzen duzula?
Euskal Kopa bere horretan helburu bat ere bada. Askotan, lasterketa garrantzitsuago bat gertu izanik, pentsatu dut Euskal Kopakoetara ez joatea, baina behin lehenengo proban parte hartuta nahiago izaten dut besteetara ere joan atseden hartu baino.
Aitziber Ibarbia. 2012ko Euskal Kopako garailea
«Sailkapeneko lehen hiruren artean lehia estua izan da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu