Sakelako telefonoetarako aplikazio moderno eta bizia du BERRIAk duela bi astetik, eta, tresna aurkezteko, hedabideen erronka teknologikoen inguruko mahai ingurua egin zuten atzo Bilbon, Azkuna zentroan. Kataluniatik iritsitako bi hizlarik, Ara egunkariko teknologia arduradun Marc Comprodonek eta Nacio Digital agerkari digitaleko zuzendari Karma Peirok, nabarmendu zuten sakelako telefonoen kontsumoak gora egin izanak egoera asko aldatu duela azkeneko lau urteetan. Bi komunikabide horiek hilean bi milioi erabiltzaile baino gehiago dituzte, eta haiei ahalik eta zerbitzu «egokiena» eskaintzen saiatzen ari direla azaldu zuten Peirok eta Comprodonek.
Ara egunkaria sortu zen unetik —2010eko azaroa— hedabide multiplataforma izan dela azaldu zuen Comprodonek: «Paperean, Interneten eta telefonoetarako eskaini ditugu edukiak hasieratik». Baina «oraintxe», gaur egun, telefonoak du «lehentasuna», Ara-ko teknologia arduradunaren ustez. «Gure trafiko digitalaren %60 sakelakoetatik dator, eta horrek aldaketak ezartzea ekarri du». Nacio Digital agerkari digitalean, berriz, sakelakoetako trafikoa %70ekoa dela azaldu zuen Peirok: «Webguneko azala erakusten jarraitu behar dugu mahaiko ordenagailutik datozen %30 horientzat. Baina sakelako telefonoetako irakurleentzat beste eskaintza bat egin behar da».
Nacio Digital agerkariak hemezortzi lurralde edizio ditu. «Horri esker, toki askotara iristen gara. Eta publizitate hiperlokala egiteko aukera dugu». Eta baditu abantaila gehiago hainbeste edizio izateak. «Probak egin ditzakegu edizio pare batean, nola funtzionatzen duten ikusteko, ondoren hedabide osora saiakera pasatu aurretik. Modu horretan, oso malguak izan gaitezke».
Ara egunkariaren sostengu nagusietako bat harpidedunak dira. Eta Comprodonek azaldu zuenez, harpidedun gero eta gehiago lortzea da egunkariaren helburua —erdiak paperezkoak dira eta beste erdiak paperezko eta digitalak—. «Irakurleen ahalik eta datu gehiena izatea garrantzitsua da guretzat. Tresna berri bati esker, erabiltzaileen datuak zatikatuta lortzen ditugu. Halaber, kazetarientzat baliagarria den tresna bat osatu dugu: zein albiste motak funtzionatzen duen jakiteko, zerk eragiten duen ondo funtzionatzea, eta abar». Datuak eta informazio horiek guztiak kazetariaren eguneroko lanean «erabilgarria» izatea da egunkariaren xedea.
Klik «errazen» aurka
Sakelakoek hartu duten garrantziaren adibide bat jarri zuen Comprodonek: «Hedabideetan zabaldu den esaldi bat hau da: 'Sakelakoan funtzionatzen ez badu, ez ezazu egin'». Nabarmendu zuen, halaber, hedabideen «obsesio» bihurtzen ari dela sakelakoetarako bertsio «ultra bizkorrak» egitea, «erabiltzaileek pazientzia gutxi dutelako».
Teknologiak eta sakelakoen garapenak aldaketak ekarri badituzte ere, «kazetaritza onari» eutsi egin behar zaiola uste du Peirok: «Klik errazen aurka nago. Baina estiloa aldatu behar da, zuzenagoa, esaldi laburrekin. Horrek ez du esan nahi testuak laburra izan behar duenik». Kazetaritza lanak aurkezteko moduan egon daiteke gakoa. Horregatik, zenbait erreportaje luze hainbat egunetan zatituta ematen dituztela azaldu zuen Nacio digital-eko zuzendariak. Teknologia saileko langileek kazetariekin elkar hartuta lan egitearen onurak nabarmendu zituzten biek. Interneteko sare sozialek duten garrantzia ere aipatu zuten hizlariek. «Duela urte batzuk ez nuen uste hala izango zenik, baina gaur egun ezin gara bizi Facebook gabe», azaldu zuen Peirok.
BERRIA eta euskarazko irakurleak ez dira bizi kontsumo aldaketetatik aparte. Uda honetan sakelakoen kontsumoaren sorpasso-a gertatu da, mahaiko ordenagailuen aldean. Aplikazio berria zenbaki onekin hasi dela esan zuen Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunak: «Aplikazioa mimatzen saiatuko gara, zaintzen. Berritzaileak izaten saiatuko gara». BERRIAlagunei eskaintza berezituak eskaintzen dizkio aplikazioak, eta horretan sakonduko dute.
KOMUNIKAZIOA
"Sakelakoan ez badabil, ez ezazu egin"
BERRIAren aplikazioa aurkeztu dute Bilbon. Sakelakoen indarra nabarmendu dute Marc Comprodonek eta Karma Peirok. Bideoa: hitzaldia, osorik (Lara Madinabeitia / Berria TB). [youtube]https://youtu.be/EHk9kI4wJo4[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu