'Saltillo', portuz portu

EHUko ontzia kostako hainbat herritan izango da egunotan, nahi duenari bertatik bertara ikusteko aukera emanez

Getarian, Hondarribian eta Lekeition geratuko da ontzia, eta jendeak ikusteko aukera izango du. MARISOL RAMIREZ / AGP.
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Saltillo ontzia atzo atera zen Santurtzitik, eta datozen egunetan kostako hainbat herritan izango da. Mikel Lejarza kapitainaren gidaritzapean, unibertsitateko hamalau ikaslek praktikak egingo dituzte ontzian astebete honetan.

Ontzia itsasoratzearen helburua, ordea, ez da ikasleek praktikak egitea soilik. Lekeitioko, Hondarribiko eta Getariako portuetan geratuko da Saltillo, eta nahi duenak ontziari bisita egiteko aukera du. Belaontzien mundua gizarteari hurbiltzea da helburua.

Datorren asteazkenean amaituko du Saltillok bere bidaia Santurtzin, bidaia hasi duen leku berean. Lekeition izango da gaur, hara joan nahi duenarentzat. Ostiralean, berriz, Donostian izango da, igandean Hondarribian, eta asteartean Getarian.

Egun hauetan ontzia ikustera joaterik ez duenak, uda osoan ere izango du aukera. Abuztuaren 24tik 26ra Hondarribiko itsas azokan izango da. Irailaren 19tik 26ra, berriz, Arroxela hiriko (Frantzia) ontzi erakusketan.

Historia handiko ontzia

Saltillo ontziak oroimena balu, makina bat istorio kontatuko lituzke. 1932an eraiki zuten, eta, bi urte geroago, Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak erosi zuen. Hainbat urtetan, enpresariak Espainiako errege-erreginei utzi zien ontzia, eta 1968an EHUren esku utzi zuen. Unibertsitateak, ontzia eskola modura erabiltzen du gaur egun, 1998an zaharberritu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.