Asteazkeneko plantoa igarota, Aste Nagusiko ohiko martxa berreskuratu zuen atzo goizean Areatzak. Jendea trumilka atera zen kalera, azken egunak gogotik aprobetxatzeko asmoz. Sukaldaritza lehiaketak —atzo bakailaoa prestatu behar zuten, bizkaitar erara— eta udaleko musika bandaren kontzertuak jaizalez bete zuen pasealekuko erdigunea. Ez zen gutxiagorako izan, halaber, Euskalgunea ere.
Oraindik tailerrak eta puzgarriak prestatzen ari zirela, makina bat haur gerturatu zen, gurasoek lagunduta, jolasak noiz hasiko. Mahaiko futbol zelaia eta txirrista airez betetzen nahikoa lan izan zuten Hor Dago Abante, Hau Pittu Hau, Eguzkizaleak eta Txori Barrote konpartsetako kideek, umeek «Noiz sar gaitezke? Noiz sar gaitezke?» etengabe galdetzen zieten bitartean. Tailerretako mahaiak ere prestatu behar izan zituzten.
Zazpi edo zortzi ume sartzen ziren txanda bakoitzean txirrista zuen puzgarrira. Eskaileretan gora igo, eta aldapan behera irrist egiten zuten, ahal zuten moduan, ipurdiko minik hartzeko beldurrik gabe. Konturatu orduko ilara handituz joan zen, eta bost minututik behin haurrez husten zuten puzgarria, gainontzekoek ere gutxienez behin sartzeko aukera izan zezaten. Aldameneko mahaiko futbol zelai erraldoian baloi zuri-gorriari ostikoka zebiltzanak nagusixeagoak ziren.
Lasaiago zeuden oihalekin panpinak egiten, aurpegia margotzen ikasten eta irudiak koloreztatzen ibili zirenak. Tailerretako mahaietan eseri eta fin-fin ibili ziren lanean, gero gurasoei egindakoa erakusteko irrikan.
Elkartasun bazkaria
Urteroko tradizioari eutsiz, gaur, Aste Nagusiko egun handian, presoen senideak bazkaltzera gonbidatuko ditu Txori Barrote konpartsak. Euskalgunean atontzen dituzte mahaiak. 15:00etan elkartuko dira, bada, lau konpartsetako kideak, senideak eta hala nahi duten parrandazale guztiak. Eguna borobiltzeko, gaur gaueko parrandan, DJ Elepuntok jarritako abestiak izango dira entzungai, 23:30ean hasita.
Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik
Salto eta irri, goizetik
Umeentzako puzgarriek eta tailerrek bizitasun algaraz eta astrapalaz betetzen dute goizero Euskalgunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu