Saltokiak artearen erakusleiho

Berinak jaialdiaren bigarren aldiak arte galeria bihurtuko ditu Senpereko dendak eta kaleak

Erredakzioa
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Senpere herria (Lapurdi) erakusketa erraldoi bihurtuko dute gaurtik azaroaren 20ra. Bigarren urtea du Berinak jaialdiak, eta 21 artista bilduko ditu, instalazioak, eskulturak, margolanak, bideoak, performanceak eta bestelako arte adierazpideak erakusteko. Erakusketa abiatzeko, ekitaldi saldoa plazaratuko dute gaur.

Etxeko lanak eman dizkiete artistei: Euskal Herriko etxeen arkitekturaren eta bakoitzari egokitu zaion saltokiaren erakusleihoaren arteko harremana aztertu beharko dute euren lanen bitartez.Artiston artean daude, besteak beste, Julie Navarro, Ibai Hernandorena, Juan Aizpirtate, Auxtin Zamora, Jeanne Susplugas, Pantxika Telleria eta Patxi Laskarai.

Ibilbidea zabalduko dute 11:30ean, 1609 plazan. Gorpitz dantza performancea eskainiko du Elilare konpainiak. 12:30ean, Mass destruction instalazio performancea aurkeztuko du Jeanne Susplugasek. Eta hamabost minutu geroago, Crash Cars lana erakutsiko du Alain Declercqek.

Goiza begientzat izango den bezala, arratsaldea belarrientzat izango da. Hirian barrena, 16:30etik aurrera, soinu ibilaldia proposatuko du Kalakan taldeak. Txori-mugariak irrati performancea eskainiko dute Xabier Erkiziak eta Maialen Lujanbiok, elizan. Austin Zamorak Hatsaren olerki bustiak emanaldia egingo du gero.

'BERINAK' JAIALDIA

Noiz. Gaur, 11:30etatik aurrera, Senperen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.