Gasteizko jaiek dozenaka osagai dituzte: Zeledonen agintea hasiera eta amaiera zehazteko orduan; San Migel dorrearen begiradapean hirigunean bizi den giroa; musika... Ordea, abuztuaren bostetik bederatzira arte, zerbait dago ekintza eta sentipen saltsa horri ukitu berezia ematen diona. Une oro Andre Mari Zuriaren jaietan zaudela gogorarazten dizun zaporea da: blusak eta neskak.
Igandea izan zen haien egun handia. Orduan egin zioten lore eskaintza Gasteizko zaindariari. Orduan joan ziren lehenengoz zezenetara. Baina haien egun handia pasa arren, egunez egun kolore berezia ematen diote jaiari. Blusa beste kolore, hain zuzen ere: beltzak, urdin ilunak, laukidun urdin argiak, laukidun grisak eta ortzadarra beste kolore dituzten beste batzuk, goizean goizetik bertan jarritako eranskailuen ondorioz.
Gasteizko jaiek aurrera egin ahala gero eta gasteiztar gutxiago egon arren, blusa eta nesken jarduna gora doa. Andre Mari Zuriaren plaza eta inguruko kaleak horren lekuko izan ziren atzo. Eguerditik bertatik sumatu zen hori. Los Txismes blusa kuadrillak hartu zuen horren ardura. Ezohiko kuadrilla da hori, abuztuaren 6an baino ez baitira ateratzen. Horrenbestez, aurreko kuadrillek 5ean egin zuten lore eskaintza egin zioten, baita dozenaka hiritar horien inguruan bildu ere.
Blusa eta nesken esker oneko izaera ere erakutsi zuen Los Txismes kuadrillak Gasteizko zaindariaren begiradapean. Jesus Barajuani azken hamarkadetan egindako lana eskertu zioten, 1995. urtetik Farolen Prozesioko «zaintzaile eta maisua» izateagatik. Gasteiz hiriari egindako ekarpena saritzeko, ohorezko Txisme izendatu zuten, han bildutakoentxalo artean.
Ordea, Los Txismes ez ziren izan Gasteizko hirigunea elkartasunez bete zutenak. Zoroak kuadrillak zenbait ekintza egin zituen Aspanafoha haur minbizidunen Arabako elkarteari laguntzeko. Helburua eta emaitza txalotzekoa izan arren, une komikoak utzi zituen ekintzak. Blusa bat, mikrofonoa eskuan, zozketa baterako txartelak saltzen saiatzen ari zen. Bitartean, Domundeko diru bilketan ateratzen ziren umeen moduan, beste hainbat zorok ibiltariengana jo zuten elkartearentzat laguntza ekonomiko eske, itsulapikoa eskuan.
Kart zirkuitu bat eta guzti prestatu zuen Zoroak kuadrillak Aspanafohari laguntzeko, ume eta nagusien gozagarri. Bakarren batek bere burua McLaren, Ferrari edo Red Bull baten eserlekuan irudikatu zuen. Kaskoa buruan. Azeleragailua eskumako oinaren azpian. Zirrara. Eta ohartzerako, eserlekua baino hogei zentimetro gorago zeuden, espaloiaren kontra hartutako kolpearen ondorioz.
Jaia, atsedenik gabe
Haur, gazte, heldu eta edadetuentzako ekintzak antolatu ohi dituzte kuadrilla guztiek, baina jaiaz gozatzeko tartea ere gordetzen dute. Horren erakusgarri da zezenetara egiten duten bidea, non ehunka pertsonek kuadrilla guztiak banan-banan ikusten baitituzten, ohiturari jarraikiz. Une horretatik aurrera, jaiak ez du etenik.
Blusa eta nesketako batzuk, guztien %15 inguru, zezen plazan sartu ziren. Gainontzekoek jaiarekin inguruko tabernetan jarraitu zuten. Arratsalde eta gau osoa zituzten zain hiriko txoko guztiak bete, eta kolorez, musikaz eta giroz alaitzeko. Jaietako saltsari gatza eta piperra jartzeko.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren Jaiak. Blusak eta neskak
Saltsa guztien gatza eta piperra
Gasteizko kale guztiak kolorez janzten dituzte gau eta egun blusek eta neskek. Dozenaka ekintza antolatzen dituzte jaietan, eta beste horrenbeste dantzaldi eta abestirekin hiria pizten dute egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu