Komunikazioa. Juan Varela. Kazetaria

«Saltzaileak eta hartzaileak harremanetan jarri behar ditugu»

'Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen' hitzaldi zikloari hasiera eman zion atzo 'periodistas21.blogspot.com'-en egileak.

urtzi urkizu
Andoain
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
BERRIA Fundazioak eta Innobasquek antolatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko sailak lagunduta, Testuinguruaren araberako komunikabideak: Garai zailetan informazio hartzaileei laguntzeko kazetaritza hitzaldia eman zuen atzo Andoainen Juan Varelak (Betanzos, Galizia, 1964).

Nolako iraultza gertatzen ari da komunikazio munduan?

Iraultza asko daude. Baina aurrenekoa jendearena da, audientziarena. Eduki ezberdinak eta kalitate handiagokoak eskatzen dizkigu, alde guztietan eskuragarri egon daitezela. Horrek estutasun batean jarri gaitu komunikabide guztiak, gauza hobeak eta hainbat formatan egin behar ditugulako. Iraultza horren inguruan beste iraultza batzuk egituratzen dira. Iraultza teknologikoak, adibidez, ahalbidetzen digu guri eduki gehiago ekoiztea eta hartzaileei eskaria egitea.

Zer moduz ari dira funtzionatzen kiosko digitalak?

Pixkanaka doaz. Ez dago transposizio argi bat kiosko tradizionaletik kiosko digitalera. Merkatu handietan zein txikietan jendea ez dago ohituta informazioarengatik ordaintzera. Inoiz baino eskaintza handiagoa dago: telebista kate gehiago daude, irratiak, eta eskaintza digital osoa dago. Oso zaila da, ez baduzu eskaintza espezializatu eta ezberdindu bat egiten, jendeak horregatik ordaintzea. Kiosko digitalak funtzionatzen has daitezke, produktu espezializatuak eta formatuaren berezitasuna baliatzen dituztenean. Egunkariaren PDF batek ez du askorik eskaintzen.

Mugikortasunari dagokionez, zer bide hartu beharko lukete komunikabideek?

Niretzat informazioa mugikortasuna da. Mugikortasunetik kanpo gelditzen den guztiak aukera oso gutxi izango ditu aurrera egiteko. Sakelako telefonoak bizkorrago ari dira ordezkatzen mahaiko ordenagailu tradizionalak, papera baino. Bide horretatik goaz. Eduki informatibo askoren etorkizuneko plataformak sakelako telefonoak eta tabletak dira. Eduki horiek zurekin eraman ahal izango dituzu eta nahi duzun unean kontsumitu, programazio eta ordutegietatik albo batera utzita. Edukiak plataforma batetik bestera eraman ahal izatea ere garrantzitsua da.

Internetera konektatutako telebista hazten ari da. Zer aldaketa ekarriko ditu horrek?

Programazioari dagokionez, telebista nahierara izango da. Baina badaude eduki batzuk denok batera ikusten ditugunak; kirol emanaldiak, esate baterako. Badaude saio batzuk ere ordutegi finkoetan ezarriak, prime-time-an, jende gehiagorekin batera ikusten dituzunak. Sare sozialetan eduki horien inguruko iruzkinak egiteko aukera izateak beste iraultza bat dakar. Duela gutxira arte oso jende gutxik zuen telebista Internetera konektatuta. Hori aldatzen ari da. Telebistako edukiak gailu eramangarrietara eraman daitezke eta alderantziz. Horrez gain, pantaila bat baino gehiago erabiliko dira, edukiak ikusi eta horien gaineko iruzkinak eginaz. Kontsumoaren ohitura aldaketa bat dakar horrek.

Sare sozialak arreta motorrak direla esan duzu hitzaldian. Kazetariok zer jokabide hartu behar dugu sare sozialetan?

Gainontzeko jendea bezala izan behar dugu. Sare sozialetan egon behar dugu, aprobetxatu egin behar ditugu, informazioa zabaldu eta informazio iturriak aurkitzeko. Iturri handiak dira sare sozialak. Espazio publiko bat dago hor, eta harreman gehiago sor ditzazkegu. Gure rola pixka bat ere aldatu beharko dugu. Informazio landu eta kontrastatuaren sortzaileak izan behar dugu bai. Baina bestetik gidariak izan behar dugu, herritar, iturri eta adituen artean, informazioa aberastu dadin. Eta horrek guri irizpide eta baliozko harreman gehiago emango dizkigu. Horrela, jendearen interesari egokitutako informazio gehiago eskaini ahalko dugu. Irizpide sozialak kazetaritza irizpidea aberastuko du.

Aldaketa horien guztien erdian nola mantendu daiteke negozioa?

Hori da mantsoenik doan alorra. Gaur egun inkognita batzuk argitzen ari dira. Merkatu digitala umotzen ari da. Dena pantailetara doa, interaktibitatea duten gailuetara. Bezero komertzialek eta publikoak behar dutenaren arteko bitartekari eta zerbitzugune izan behar dugu. Batzuk eta besteek behar dutenari egokitutako konponbideak diseinatu behar ditugu. Sinisgarritasuna eta segurtasuna duten zerbitzuak eskaintzen baditugu negoziorako formulak aurkituko dira.Publizitate berri bat datorkigu, saltzailea eta hartzailea harremanetan gehiago jarriz. Gauza bat da eduki informatiboak, eta zenbat eta independente eta serioagoak, hobe. Baina bestetik gure espazioetan tresnak sortu behar ditugu, merkatuak eta hartzaileak bertan topa daitezen. Baliozko publizitatearekin negozio modelo berriak aurkitu ahalko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.