San Blas eguna iritsi ahala, anis lurrinak hartzen ditu Eibar eta inguruko herri askotako sukaldeak. Egun berezia izaten baita otsailaren 3a inguruotan. Eliza eta parrokiak jendez lepo betetzen dira, San Blas opila eskuetan tradizioak agintzen duen bezala bedeinkatuak izan daitezen. Zer esanik ez, opil bedeinkatua izango da eibartarren azkenburu eta merienda nagusia egunotan.
Margari Olañetaren sukaldean ere nabaria da anis usaina. San Blas eguna gerturatzen ari da, eta dagoeneko baditu hainbat opil prest.
Ermuarra jaiotzez, Juan Mari Kruzetarekin ezkondutakoan erakutsi zion amaginarrebak San Blas opilak egiten. «Ermuan etxean egiteko ohiturarik ez genuen, erosi egiten genituen». Ezkondu zenetik ez du hutsik egin, eta urtero izan ditu etxean eskuz eginiko opilak.
Eibarko gozo dendetan, baita Donostiako batzuetan ere, urte guztian eros daitezke opilok. Olañetak, ordea, San Blas egunerako prestatzen ditu soilik. Tradizioak jarraitu zalea da bera. «Bakoitzak bere momentua du. Turroia Gabonetan bakarrik jateak bereziagoa egiten du».
Eibar eta inguruan San Blas opilak egiten dituzten gozo denda ugari daude, horietako asko ospe handikoak. Olañetak, baina, nahiago ditu etxean egindakoak. «Esfortzua eskatzen badizu, gehiago gozatzen duzu ondoren».
Astebete lehenago hasten da normalean opilak prestatzen. Bospasei kilo egin ohi ditu, hogei bat San Blas. Senideen artean banatzen ditu gero. Sanblasak etxean egiteko ohitura oso errotua dago Eibarren, eta Olañetak ez du uste galtzeko arriskuan egon daitekeenik.
Batzuek opilak gurinarekin egiten dituzten arren, txerri gantza erabiltzea erakutsi zioten Olañetari. Lau opil egiteko ondoko osagaiak erabiltzen ditu: kilo bat irin, bi zorrotxo legami, lau arrautza, kilo erdi azukre, 150 gramo txerri koipe, koilarakada bat anis esentzia eta kafe kikara bat esne.
Osagaiak nahastu eta eskuz ore bat egiten du Olañetak. Errezetaren zatirik zailena da, «pisutsuena». Irratia entzunez arintzen du orea trinkotzeko prozesua. «Gure amak esaten zuen kolpeak eman behar zaizkiola», dio orea hartu eta gainaldearen kontra estutzen duen bitartean.
Orea lautan zatitu, eta arrabolarekin forma eman ostean, 220 gradutan berotutako labean sartzen ditu opilak, hogei bat minutuz. Labetik atera berritan, oraindik bero daudela, gaina barreiatzen die. Gaina egiteko bi zuringo eta glas azukrea nahasten ditu, irabiagailua erabiliz. Soberako gorringoak orea egiteko erabil daitezke.Opilak ondo ateratzeko aparteko sekreturik ez da behar, «gogoa eta denbora, besterik ez», dio Olañetak.
Eztarriaren babesle
Arrain arantza bat eztarrian trabatu zitzaion haur bat artatu zuen Blas de Sebaste medikuak, San Blasek. Ordutik eztarriaren babesle bilakatu da. Opilak ez ezik, lokarri bat ere bedeinkatu ohi dute otsailaren 3an. Lokarri hori bederatzi egunez lepoan lotuta eraman behar da, eztarria babes dezan.
San Blas opila labean da
Ostiralean ospatuko dute Eibar eta inguruko herrietan San Blas eguna. Tradizioak dioenari jarraiki, opilak eta lokarria bedeinkatzera joango dira herriko elizetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu