San Joan Doloz jaiei hasiera emateko prest daude Bakioko herritarrak (Bizkaia). Hala ere, gaur arratsaldean txupinari su eman eta jaiak hasi aurretik, hainbat ekitaldi dituzte txupinazoaren zain egon ez daitezen.
Atzo ere izan zuten zertan parte hartu eta ondo pasatzeko aukera. Eguerdian tomate lehiaketa egin zuten. Udako pilota txapelketako finalak jokatu zituzten frontoian. Eta musika eta txitxi burruntzia ere ez ziren falta izan.
Hala ere, festak gaur arratsaldean hasiko dira. Ohikoa den bezala, pregoia eta horren osteko txupinazoak emango die hasiera San Joan Doloz jaiei. Aurretik, ordea, hainbat ekimen daude kuadrillen egunean. Hasteko, 11:00etan, areto-futbol txapelketa eta lehen urtez antolatu den sukalki txapelketa dituzte. Sukalki txapelketa frontoian egingo da, eta areto-futbol partidak, udal kiroldegian.
Eguerdian, kuadrillak bazkaltzeko elkartuko dira frontoian, eta bazkaltzen bukatutakoan, gazte olinpiadak jokatuko dituzte, Atxulo elkarteak antolatuta.
Pixkanaka, udaletxe aldera hurbiltzeko ordua iritsiko zaie herritarrei, eta, horretarako, 20:00etan, kalejiraz baliatuko dira txistulari, erraldoi eta fanfarreez lagunduta. Gainera, kalejiran Bakioko txakolina banatuko dute.
Txupina eta pregoia 20:30ean izango dira udaletxean. Aurten, Sokorro Bilbao udaletxeko langilearen esku utzi dute ardura hori. Behin jaiei hasiera emandakoan, udaletxeraino bildutako txarangak herriko karrikak alaituko ditu.
Gauean ez da musikarik faltako. Ohi bezala, kontzertuek beteko dute gaueko egitaraua. Gaurkoa rock gaua izango da: 00:00etan, Tormenta, Inoiz eta Trikizio taldeek emango dute kontzertua, Zubiaurrealden jarritako agertokian.
Bihar, berriz, San Agustin eguna ospatuko dute Bakion. Hainbat ekitaldi daude aurreikusita egun horretarako ere. Hasteko, 11:00etan, kalerik kalekoari ekingo diote, txistulari eta erraldoien laguntzaz. Ondoren, Bakioko III. Herri milia izango dute Sabino Arana etorbidean, Alaitasuna taldeak antolatuta.
Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatuta, lasunen txapelketa jokatuko da, 16:00etan. Arrainak bizirik erakustea ezinbestekoa izango da, bestela ez baitu balioko. Behin neurria eta pisua neurtutakoan, aske utziko dituzte berriro ere arrantzatutako arrainak.
Bukatzeko, Tripustelak, Haxotz eta Itziarren semea taldeek kontzertua emango dute Zubiaurrealden. Itziarren semeak taldeak atera berri duen diskoaren aurkezpena egingo du.
Jaiak. Bakio
San Joan Doloz jaiak martxan
Txupina jaurti eta ilunabarrean hasiko dituzte sanjoandolozak Bakion; kaleek festa usaina dute jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu