'San Joan' galeoiaren erreplika, Ondartxoren erronkarik handiena
Kanadan hondoratuta aurkitutako San Joan galeoiaren erreplika batek olatuak hautsiko ditu harro Donostiako badian. Euskal ontzigintzaren ikurrik handienaren erreplika eraikitzea da Albaola elkartearen erronkarik handiena. Donostia 2016 kultur hiriburuaren proiektuaren barruan gauzatuko dute. «Ametsa» gauzatuko dute, aspaldian baitzegoen Agoteren eta Albaolako beste askoren buruan proiektu hori. Euskal Herriko urrezko iraganaren lekuko da San Joan, XVI. mendeko ontzi esanguratsuenetakoa. «Gure ontzi enblematikoa da. Euskal Herriaren itsas enbaxadore ibiltaria izango da San Joan», dio Agotek. Datorren urtera arte ez dira hasiko hura eraikitzen. Ondartxoren egitura bera goitik behera aldatu beharko dute San Joan-en erreplika zorrotzari lekua egiteko. 1563an eraiki zuten galeoia Pasaian, eta handik bi urtera hondoratu zen Kanadan, Red Bayko ur hotzetan. Unescok munduko urpeko ondarearen ikur ofizial gisa dauka. Izendapenaren zigiluan San Joan azaltzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu