San Kanuto eguna, kalamua legeztatzearen alde

Hitzaldiak, botafumeiroa eta elkarretaratzea egin dituzte Gasteizen, normalizazioaren alde

Kalamuari buruzko sukaldaritza ikastaroa egin zuten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hamar urtetik gora daramatzate San Kanuto eguna antolatzen Gasteizen. Kalamuaren legeztatzearen eta normalizazioaren aldeko hainbat elkartek egungo egoera jendaurrean azaldu eta indarrean dagoen legedia aldatzeko eskatu zuten atzo. «Egungo debekuak ez du inora eramaten, eta indarrean dauden politikak aldatzeko beharra dago. Horrela ikusten dugu legeztatzearen aldeko talde guztiok», adierazi zuen Pako Mascaraque kalamualegeztatzearen aldeko talde bateko kideak.

Arratsaldeko seietatik aurrera hainbat ekitaldi prestatu zituzten Gasteizko gaztetxean. Kalamuari buruzko sukaldaritza hitzaldia batekin hasi zuten arratsaldea: «Mundu oso zabala eta nahiko ezezaguna da, oro har». Sukaldaritza saioaren ondoren, nekazaritza biologikoaren inguruan aritu ziren gaztetxean. Ondoren, botafumeiroa piztu zuten kalamu landareak errez, debekuari beldurrik ez diotela aldarrikatzeko. Eguna amaitzeko, urteroko ohiturari jarraituz, kalamuaren normalizazioaren aldeko elkarretaratzea egin zuten Andre Mari Zuriaren plazan.

Instituzioekin haserre

«Instituzioekin eta Gema Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuarekin nazkaturik gaude», aitortu zuen Mascaraquek. «Urte asko daramate ezer egin ez eta gauzak nahasten. Bi edo hiru urtean behin, normalizazioaren aldeko hainbat elkartetako ordezkariekin elkartzen dira, baina itxurakeria besterik ez da. Eurak dira arazo hau konpondu dezaketenak, eta argazki bat ateratzearekin konformatzen dira».

Izenean bat etorrita

Kanuto 1080tik 1086ra Danimarkako erregea izan zen, eta, Mascaraqueren arabera, Elizaren indarra areagotzea besterik ez zuen nahi izan «pertsona zikoitz hark». Nekazariekin bat eginda, Ingalaterraren aurka altxatu nahi izan zuen, baina azkenean nekazariek beraiek hil zuten. «Pertsona gisa zapaltzaile bat izan zen, baina bere izenaren kointzidentziak gure santu egitera eraman gaitu».

Legeak kalamua legez kanpoko sustantziatzat jotzen badu ere, Mascaraquek adierazitakoaren arabera, gizartea legediaren aurretik doa, eta askok onartua duteporroak erretzen direla: «Jendea errealitateaz jabetzen da, agintariak ez bezala».

Egungo legediak kalamu kontsumitzaileei eraso egiten diela sentitzen dutela dio. Indarrean jarritako tabakoaren legearen arabera, eremu pribatuetan erretzea zilegi da, eta horrek elkarte desberdinak sortzea ekarriko du, Mascaraqueren ustetan.

Egun baketsu bat izan zen atzokoa, gaurdainoko urte guztietan izan den eran. «Gure eskubideak aldarrikatzeko kalera ateratzea beharrezkoa da, halako batean gure oihartzunak instituzioetan eragina izan dezan. Gustura gaude izandako parte-hartzearekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.