«Santo Tomaseko ferian txorizoa eta ogia», dio Gabon kantak. Tradizio eta itzal handia du San Tomas egunak Euskal Herriko bazter askotan. XIX. mendean du jaiak jatorria, eta neguaren etorrera egunarekin egiten du bat, abenduaren 21arekin. San Tomas egunez baserritarrak hirira joaten ziren, lurren errentak ordaintzeko diruarekin eta kapoi pare batekin. Hiriburura egiten zuten joan-etorria herrietan ez zituzten gaiak erosteko eta baserriko produktu onenak saltzeko baliatzen zuten. Horrela hasi zen gorpuzten Donostiako Konstituzio plazako San Tomas azoka, besteak beste, eta horren ondorioz, hedatuz joan zen kalera baserritarrez jantzita ateratzeko ohitura.
Lekeition, Zaldibarren, Azpeitian, Arrasaten, Mutrikun eta beste hainbat herritan ospatuko dituzte bihar santomasak, baina hiriburuetako bik hartuko dute jende eta bisitari gehien: Donostiak eta Bilbok.
Donostian Parte Zaharra eta Bulebarra izaten dira festaren ardatz, baina azken urteetan hiri osora zabaldu da San Tomas eguna. Auzo gehienetan izango da ospakizunik, eta festak kokagune asko izango ditu: Konstituzio plaza, Gipuzkoa plaza, Okendo plaza, Sarriegi plaza, Bulebarra eta Elkano, Txurruka eta San Juan kaleak.
Horiek guztiak aintzat hartuta, txistor ogitartekoak salduko dituzte 55 postutan, eta beste hamabostetan, berriz, taloa prestatukodute. San Tomas eguneko azoka, baina, ez da txerriki horietara mugatuko. Eskulangintza erakusketa jarriko dute Gabiltza elkartekoek, eta denetariko produktuak erosteko modua izango da Konstituzio plazan eta inguruetan: kontserbak, hestebete etaurdaiazpikoak, ogia, eztia, loreak, gazta eta esnekiak... Salmenta guneak 10:00etan irekiko dituzte, 20:00ak bitartean. Goizean egingo dute eguneko lehiaketa nagusietako bat, Gipuzkoa plazan: Euskal Herriko txistor txapelketa.
Konstituzio plazan jarriko dute Felixi txerria. Bisitari askoren begiradak jasoko ditu Leitzako Arro baserritik Donostiara eramango dute animaliak. Handia da oso, eta 360 kilo inguruko pisua hartu duela iragarri dute jabeek. Zozketan egokitzen zaionak pisu handiko saria izango du. Txistor berezirik dastatzeko modua izango da bihar Donostian: talo eta txistor beganoa. Askekintza Animalistak elkarteak animaliarik jan gabe festari eta tradizioari eusteko modua badagoela aldarrikatzeko alternatiba eskaini asmo du. Konstituzio plazan jarriko dute postua.
Donostian bilduko den jendetza aurreikusita, garraio publikoa erabiltzeko deia egin du udalak. Tren eta autobus zerbitzuak indartu egingo dituzte hori errazteko.
Metroko grebaren itzala
Bilbok ere hiritik baserrirako jauzia egingo du bihar. Aurtengo azokak 300 salmenta postu hartuko ditu. Areatza izango da festaren ardatz, eta bertan jarriko dituzte213 postu; gainerako erakusmahaiak, berriz, Plaza Barrian. Hitz aspertu askotarako gaia izaten ari da Bilboko Metroko langileek biharko antolatu duten lan uztea, eta San Tomas azokaren bilakaeran zer eragin izango duen ikusteko dago.
Berrikuntzarik izango du aurtengo San Tomas azokak. Inaugurazio ofizial batekin abiatuko dute eguna, 10:00etan, eta ordu horretan bertan irekiko dute BBK-k bultzatutako haurtzaindegi zerbitzua. Gurasoek erosketak lasaiago egin ditzaten jarriko dute haurtzaindegia, eta 350 haur hartzeko modua egingo dute bertako langileek, 10:00etan hasi eta 18:00etan bukatu.
Azokan antolatzen diren lehiaketen sari banaketan ere bada aldaketarik. San Tomas azokako sariak eta urte osoan Bizkaian antolatzen diren beste azoketakoak abenduaren 26an banatuko dituzte, eta ez biharko egunez.
San Tomas azokek Gabon jaiak iragarriko dituzte bihar
Donostiako eta Bilboko festak izango dira jendetsuenak; Metroko grebak baldintzatuta dator Bilbokoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu