San Tomas eta Olentzero, lehenago New Yorken

Kanpoko hotza Euskal Etxean sortutako giroak epeldu zuen, larunbatean, New Yorkeko santomasetan

Euskal Etxean egindako San Tomas festa. GARIKOITZ UDABE.
New York
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Brooklynen, Greenpoint auzoan, dagoen Euskal Etxean arratsaldeko lauretarako zegoen hitzordua egina. Ordurako dena prest zuten San Tomas eguna antolatzen gogor lan egin zutenek. Denetariko postuak jarri zituzten aretoan, eta San Tomas egunari dagokion bezala, txistorrik ez zen falta izan, taloarekin nahiz ogi artean. Hura izan zen urdailak baretzeko modua. Jandakoari bultza egiteko, berriz, sagardoa eta ardoa. Ez zen handik inor goserik edo egarri atera.

Euskal Etxeko kideez gain, urtetan bertaratu gabeko zenbaitzuk, estatubatuarrak eta munduko hainbat herrialdetakoak, inguratu ziren Eguberri atariko festara. Baita bisitan hirian ziren euskal herritarrak ere.

Garaiak hala eskatuta, Eguberri giroko kantuak abestu zituzten. Bi otarren zozketa egin zuten, baita txerritxo batena ere. New Yorken, aurten, trapuzkoa, txerritxo panpina, izan da protagonista.

Etxeko txikienak Olentzeroren etorrerarekin aztoratu ziren. Haren magalean eseri, eta urte osoan nola portatu diren kontatzeko modua izan zuten, eta opariak eskatzekoa, noski. Handiagoek, berriz, jai giroan, dantzan, tertulian gozatu zuten. Eguberriei hasiera emateko aparteko jaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.