Herriko Taldeak elkartea herriko hamabost koadrilak osatzen dute, eta aipatu elkartea arduratzen da Basauriko jaien egitaraua prestatzeaz. Jaiak antolatzeko era ugari izan daitezke; batzuk autogestioaz baliatzen dira, beste batzuk diru laguntzaz, baina Herriko Taldeak elkarteak jai herrikoi eta parte-hartzaileak antolatzea du helburu.
«Udalak aurrekontua %30 murriztu du; inguruko herriko jaiekin konparatuz gero, murrizketa handienetarikoa jasan duen herria gara. Basauriko jaiak dituen ezaugarrien artean, guztiz herritarrak diren ekintzen antolaketa da, eta murrizketaren ondorioz, arazotxo batzuk izan ditugu taldeak kontratatzeko orduan, baina ostiralean We are Standard taldea eta larunbatean Ariel Rot abeslaria izatea lortu dugu. Hala ere, hurrengo urteetarako aurrekontua handitzeko eskatzen diogu udalari», adierazi du Herriko Taldeak elkarteko lehendakari Irene Garciak. Beraiena jaiak antolatzeko era ezberdina dela dio Garciak, beraien elkartea baita egitaraua antolatzen duena. «Basauriko jai eredua ezberdina da. Jai Batzordea herriko boluntarioek osatzen dute. Elkarte kultural batek kudeatzen du dirua. Udalak dirua jartzen du, baina guk erabakitzen dugu zer egin. Udalak azpiegituren kudeaketan laguntzen digu».
Izan ere, koadrilak funtsezkoak dira egitaraua aurrera eramateko, eta erabaki guztiak batzarraren bidez hartzen dituztela esan du Herriko Taldeak elkarteko lehendakariak. «Batzar bidez funtzionatzen duen elkartea da Herriko Taldeak. Erabaki guztiak batzarretan hartzen dira, kontratatu behar den taldetik hasi eta beste edozein gauzetarako batzarrak erabakitzen du. Festetan egiten diren ekitaldi guztietan eskulana behar izaten da gauzak antolatzeko, koadrilen edo erretiratuen bazkarirako... Eskulan hori guk egiten dugu, eta ordainetan guk autogensionatzen ditugu jaiak».
Jaien egitaraua
GAUR09:00. Txupina.
12:00. Eskualde osoko txistularien Kontzentrazio Handia.
12:30. Kaleko antzerkia, Trapu Zaharrarekin, Mojaparte plazan.
15:00. Herriko indaba jana, Solobarriako plazako karpan.
17:30. Haur erromeria, Mojaparte plazan.
21:00. Euskal erromeria, Mojaparte plazan.
22:30. Talentu barrien kontzertua, Arizgoiti plazan.
23:00. Erromeria Arizgoitirekin, San Fausto plazan.
BIHAR
11:30. Prozesioa eta lore eskaintza santuari.
12:45. Eguzki dantza, San Fausto plazan.
13:15. Santuaren itzulerako prozesioa San Fausto kalera.
13:45. Dantzaldia, Ortiz Bandarekin, San Fausto kalean.
15:00. Lagun taldeen bazkaria, Arizgoiti plazan.
17:15. Lagun taldeen arteko txapelketa, San Fausto plazan.
19:30. Dantzaldia, Ortiz Bandarekin, Solobarriako karpan.
21:00. Euskal erromeria, Mojaparte plazan.
OSTEGUNA
10:30. Basauriko erretiratuen igel-toka txapelketaren finala, San Fausto plazan.
14:30. Bazkari eta jai handia zahar etxean eta Solobarria plazan.
18:30. Txitxarrillo, San Fausto plazan. Eta tortilla txapelketa, Solobarria plazan.