San Tomasek ausardia soberan dauka zirimiri gogaikarriari aurre egiteko eta eguraldi heze eta hotzari gailentzeko; eta beharko, atzo goizean haize ufaden zartakoek ez baitzuten ezer onik agintzen egun osorako. Santua bezain ausartak ziren saltzaileak euren postuetan, egunari esperantza pixka bat eskatzen. «Horrelako egunarekin salmenta handirik ez da izango; baina ikusiko dugu», zioen Donostiako Parte Zaharrean erroskilak saltzen zituen bilbotar batek Sarriegiren omenezko monumentuaren alboan. «Hona etortzen gara gu aspaldian», azaldu zuen. Aurrez aurre zituen baserritarrak euren ohiko postuetan. San Tomas baserritarren eguna omen, baina Bretxan baserriko produktuak saltzen dituztenentzat ez da egun egokia izaten. «Gaur txistorra jatera doaz denak; guk jai dugu», zioen Martuteneko Okendotegiko baserriko alabak.
Sarriegi plazan bertan bazen aukerarik txistor ogitartekoa dastatzeko. Bat, bi, hiru… hamabi postuetan txistorra frijitzen edo egosten, jo eta su. Usaina nonahi. Nork esan behar zion ba ezetz ogitarteko txiki bati? «Ateratzen dugunarekin Punta Canara edo Riviera Mayara goaz», zioen Virginiak, Pedagogiako ikasleak. «Pena da zirimiri hau, baina zaparradarik botatzen ez badu behintzat…». Seguruenik txistorra ez zitzaien amaituko atzo, baina bildutako dirua lagungarri izango zitzaien ikasketa amaierako bidaia egin ahal izateko. «Han ez digu euririk egingo, noski…».
«Santo Tomasetako feria, txorizoa eta ogia», dio esaera zaharrak, baina txistor ogitartekotik harago zihoan menua eskaintzen zuten alboko postuan. Idiazabalgo kroketak, txistor tartaletak Idiazabalgo gaztarekin, txistor kurruskaria… «Basque Culinary Centerreko ikasleak gara; lehen promozioa», zioen Yaiza gazteak harro. «Txistor ogitartekoa ere eskaintzen dugu, baina zerbait berezia egin nahi genuen gure lehenengo urtean». Baita lortu ere.
11:00 aldera Sarriegi plazan giroa bazegoen, baina jende andanarik ez. Haizea harrotu egiten zen tarteka, eta Bulebarrean, adibidez, gorriak ikusten zituzten eskulangintza postuetako saltzaileek. «Haizeak jotzen duenean oihalezko teilatu honi eutsi behar diogu», zioen Alberto Gonzalez azkoitiarrak. Eskuz aritzeko pilotak saltzen ari zen 24-27 eurotan. «Autobusean joango bagina bezala, eskua goian jarrita nabil», zioen barrez.
Konstituzio plazan, eguraldi makurra zertxobait baretuko zela ematen zuen. Arkupeak babes ederra ematen zien han ipinitako postuei. Plazaren barruan, behin-behineko askaren teilatu txikiaren azpian zen Felixi, etzanda, luze-luze eginda lastoaren gainean; Donostiako San Tomas eguneko protagonista, 360 kiloko zerrama, lasai zegoen ehunka lagun begira-begira edukita ere. Inguru guztian txistorraren usaina jirabiran zebilela jakingo ote zuen Leitzako Arro baserriko Felixi-k? Haren esperantza bakarra txistor beganoaren kontsumoa zabaltzea izango zen beharbada. Arkupetan, izan ere, bi postu zeuden produktu hori eskaintzen: Askekintzarena eta Animalien Eskubideen Elkartearena.
Eguerdirako, urtetik urtera dotoreagoak diren baserritar jantziekin joandako jende ugari zebilen han eta hemen, Konstituzio plazako postuei begira. Asko eta asko guardasola eskuan, baserritar jantziaren beste osagai bat balitz bezala. Taloak eta txistorra bost eurotan ziren leku gehienetan; txistor ogitartekoa, hirutan; eta pintxoa, 1,5ean.
Liburutegi Nagusiaren azpialdean, leku ederrean zeuden Deustuko Gizarte Lana ikasketakoak, dotore-dotore jantzita, arkupearen babesean. «Gauzak ondo egin behar dira», zioen Garazik. Amaiak baietz zioen barrez, bazekitela ondo baino hobeto prestatu zirela. «Turkiara edo Kubara joan nahi dugu ateratzen dugun diruarekin, baina ikusiko dugu». Alboko postuan aurpegi ezagun bat ikus zitekeen, baina erosleen eremuan. Xabier Euzkitze kamera eta mikro arduradunekin batera zebilen, postuetako saltzaileekin hizketan, grabazioan. Konstituzio plazan ez zen izango haren baserritar jantziaren dotoreziaren parekorik.
Bilbon, 300 bat postu
Eguraldiari eta metroko lanuzteari desafio eginez, milaka lagun bildu ziren Bilbon ere. Batzuk, aterkia eskutan hartu, eta Zazpikaleetan zein Areatzan barna ibili ziren, azoka ikusi eta festaz gozatzen. Ausartenak euritako gabe zihoazen, «zirimiriak Bilbo ez du bustitzen» esanez.
Abenduaren 21a azoka eguna da Bizkaiko hiriburuan, eta aurten 64. aldiz ospatu zuten. Goizean goiz saltzaileek 300 bat postu atondu zituzten. Eros zitezkeen gauzen artean barazkiak, gazta eta fruituak zeuden. Bilbon bada zerbait benetako tradizioa duena: talo eta txorizo otartekoa. Edari kuttunena, berriz, Bizkaiko txakolina. Eguerdi aldera jende ugari zegoen otartekoarekin eta txakolinarekin, batzuk hamaiketako berantiarra egiten, besteak bazkari goiztiarra.
Bilboko Plaza Berrian postua zeukanetako bat Jose Etxebarria zen. Etxebarria Gatikako Txoñebarri baserrikoa da, eta 1984az geroztik urtero izan da San Tomas egunean. Gatikarrak mota askotako fruituak saltzen ditu, baina bereziki sagarrak. «Guk laranjak, kiwiak eta beste hainbat produktu ditugu. Hala ere, etxeko produktu izarra sagarra da». Txoñebarri baserriko larreetan 7.000 sagarrondo eta 107 sagar mota daude. Adituak dira inondik ere.
Zazpikaleetatik irten eta metro batzuetara, Areatzan, gazta saltzen zegoen Garbiñe Arana, Altunoste baserrikoa. Aranak Idiazabalgo gazta zeukan salgai: kiloa, 16 euroan. Goizean salmentak motel zihoazela esaten zuen; eguerdiarekin batera jende gehiago bildu eta mugimendu gehiago nabaritu zen, hala ere. «Eguerdian salmenta polito doa, baina lehen orduan eskuak gurutzatuta egon gara». Gainera, eguraldiak eta metroaren lanuzteak ez zuten laguntzen, baina saltzaileen areriorik nagusiena krisia dela zioten baserritarrek. Egoerari aurre egiteko proposamen zehatza bota zuen Etxebarriak: «Krisi garaian produktu onak ekarri behar dira, eta prezioak ez du garestiegia izan behar. Hala ere, guk abantaila dugu, urtero hemen gaudenez, bezeroek ondo ezagutzen gaituzte».
Eguraldiak eguraldi, krisiak krisi eta lanuzteak lanuzte, San Tomas eguna ordu txikitan bukatzeko asmoa zuenik ere bazen Bilbon. «Gauean Athleticek partida duenez, San Mamesera joan eta festan jarraituko dugu», zioten Galdakaoko gazte kuadrilla batekoek.
Ezarian. San Tomas
Santuaren mokadua
Eguraldi goibelari aurre eginez, milaka lagun ibili dira Donostian eta Bilbon, San Tomas eguneko ferietan tradizioari eutsizTxistorra eta taloa baino zerbait gehiago eskaintzen dute gaur egun saltzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu