Sarean, telebistaz berbetan

AEBetan telebistako audimetro eta kritiko garrantzitsua bilakatzen ari da Twitter. Horrez gain, telebistako edukiez hitz egiteko sare sozial propioa sortu dute: Miso.

Miso sare sozialean internautek euren gustuko telebista saioen inguruko iritziak ematen dituzte. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Interaktibitaterik ez du ekarri LTDak. Duela urte batzuk iragarri zitzaigun telebistako telekomandoarekin ikuslea hartzaile pasibo izateari utzi eta aktibo izango zela. Momentuz, apenas nabaritzen den halakorik. Telebistako edukiez hitz egitea, ordea, herritar askoren eta askoren zaletasun kutunenetako bat da. Eta Interneteko sare sozialek ematen dute horretarako aukera, gero eta gehiago.

Twitter fenomenoak telebistaren sektorean gero eta garrantzi handiagoa du, Robin Sloan sare sozial horretako ordezkariak argitu duenez: «Twitterrek aukera ematen du telebistako programa batek zenbat ikusle izango dituen jakiteko, eta, horrez gain, hari buruzko kritika jasotzen du». AEBetan nabarmen garatzen ari den fenomeno bat da. «Twitter telebista ikusteko modua eta edukiak aldatzen ari da». Gure artera oraindik iritsi ez diren esperientziak ari dira zabaltzen AEBetan: Twitterren eta telebistaren arteko erabateko sinkronizazioa eskaintzen du Discovery Channel kateak. Kateak #mydiscovery etiketa erabiltzera animatu zituen ikusleak, bakoitzak bere deskubrimenduak sareratu zitzan. MTV kateak, berriz, sarien saio bat antolatu zuen Twitter bidez. Tweeten mezuak sarea kolapsatu zuten. Azkenik, 2.0 Ikusleaz mintza gintezke. Telebista ikuslea ez dago bakarrik, baizik eta komunikazioa eta erantzunak aurkitzen ditu une oro Twitterren bitartez.

AEBetan adituek azpimarratzen dutenez, sare sozialak ikus-entzulea aldatzen ari dira. Interneti esker, ikusleek hitz egin eta kritikatu egiten dute. Feedback bat sortzen da beste ikusle batzuekin.

Miso sare soziala

Internetekin hazten ari den belaunaldi berriari telebistako edukiak gustatzen zaizkio. Baina gazteek ez dute nahi aparatuak bakarrik hitz egitea. Telebistari erantzun nahi diote, ordenagailuko saguarekin edo pantaila bat ukituz (tabletak erabiliz, adibidez). Gertatzen ari denaz hitz egin nahi dute lagunekin.

Aipatutako Twitter batetik eta Facebook bestetik dira gaur egun jende gehiena biltzen duten sare sozialak. Baina telebistaz aritzeko sare sozial propio bat ere sortu dute AEBetan: Miso (gomiso. com).Bertako erabiltzaileak ikusten ari diren programan erregistratzen dira. Beste ikus-entzuleekin jar daitezke harremanetan eta ikusten ari diren saioen inguruko iruzkinak egin ditzakete. Gainera, parte-hartze hori iPhonea, iPada edo Androida duten gailuekin egin dezakete erabiltzaileek. Androidentzat prestatutako Mison, internautek bere lagunak zer saio ikusten ari diren jakin dezakete, haien ezaugarriak begiratu eta sareko erabiltzaileen artean zer telebista programak duten jarraitzaile gehiago jakin.

Bizitza joko bat izango balitz bezalako ideiari jarraitzen dio Misok. Horretarako, erabiltzaileei puntuak eta ohar bereizgarriak eskaintzen dizkie izena eman bezain laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.