Sarraski handia Nafarroan

Populazioaren erdia hil zuen izurri bubonikoak Nafarroako Erresuman. Donejakue bidetik sartu zen, eta urte askoan geratu zen, triskantza handia eraginez.

xabier martin
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako Erresumak egoera sozio-politiko konplexua zuen XIV. mendean. Gosetea agertu zen gainpopulazioarengatik; krisi ekonomiko gogorra zegoen, eta lur sail ugari suntsiturik geratu ziren klima oldarkorrak eraginda. Hilkortasun tasa asko igo zen. Testuinguru horretan azaldu zen Herio Beltza Nafarroan. 1348ko udaberrian sartu zen, Donejakue bidea jarraituz. Frantziako fokua laster sartu zen Lapurdin, Gipuzkoan eta Bizkaian; handik Galiziara hedatu zen.

Historialari batzuek diote izugarrizko kalteak eragin zituela populazioan. Berthek dio familien %40 akabatu zituela. Benedictow egileak, berriz, populazioaren %60-65 hil zirela. Monteanoren ustez, Nafarroako hiritarren erdiak hil ziren. Edonola ere, triskantza izugarria egin zuen gaitzak. Haatik, izurri beltzak ez zuen eragin bera izan leku guztietan: Anue ibarrean hamar familiatik zortzi galdu ziren; Sakanan, berriz, herena. Oñatin uda batean 1.200 lagun hil ziren, Jose Antonio Aspiazu historialariak dioenez. Klaseen arteko desberdintasun handirik ere ez zen egon; txiroen moduan apaizak ere hil ziren urte latz haietan. Iruñeko katedraleko kanonigoen erdiak hil ziren, kasu baterako.

1395 arte piztaldi ugari egon ziren Nafarroan; ez zuen ematen pandemia hura desagertuko zenik. XV., XVI. eta XVII. mendeetan ere izan ziren foku gehiago, baina indar gutxiagokoak. XVIII. mendean desagertu zen erabat izurri beltza Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.