Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Sasijakintsuen irakaspenak

Xabier Lasa.
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Dardarka jartzeko eran.Giza eta gizarte jakintzetan zientifikotasuna ustez ziurtatzen zaigun EHUko udako ikastaroei begira jarri, eta irrati tertuliadiktoei ezagunak zaizkigun bi kazetari agertu zaizkigu: Miguel Angel Aguilar (tertuliakide historikoa Ser katean), eta Diego Carcedo (REko Boulevard-eko tertuliakide ohia). Carcedo Europako kazetarien elkarteko presidentea da; Aguilar, idazkari. Edozein aztergai dela ere, profesionalak asko dakiten itxurak egiterakoan. Euskal gaietan orojakile gisa azaldu direnak beti, batere lotsarik gabe. Carcedoren kasuan, adibidez, Iparraldeko hiru herrialdeetan edo Nafarroan euskararen egoeraz iritzi tinkoa ematera ausartu izan zen beti (nahiz ebidentzian utzi piperrik ere ez zekiela). Bada, Aguilarrek ekialdeko herrien eboluzioari buruzko kurtso bat zuzendu berri du Donostian; Carcedo hizlari nagusia izan da kurtsoan. Biek herri arabiarren protestei buruzko kurtsoa zuzenduko dute Conplutensean.

'Código deontológico'.Izenburu hori daraman atala sortu berri du Wyomingek El Intermedio telebistako saioan; kazetariek kode horri ematen dizkioten ostikadak salatzea du xede. Estreinarako, gurean soberan ezagutzen dugun kazetaritza praktika bat hautatu zuen: Así son las mañanas saioko zuzendari Ernesto Saenz de Buruagak (Cope) albistegian adierazi zuenez, Murtziako kultur kontseilariaren erasotzailea atxilotu egin zuten; izen-abizenak emateaz gain, ezkerreko marjinal bat zela gehitu zuen. Bada, Buruagak ezkutatu zuen atxilotua kargurik gabe aske utzi zutela, kontseilariak atxilotua ezin izan zuelako identifikatu.

Beste adibide bat. Denok dauzkagu gogoan, Marta Dominguez atleta atxilotu zutenean, gertakizunak zenbat albistegi, tertulia eta prentsa erreportaje bete zituen estatuko prentsan, jada errunduntzat jo zelarik ia denetan. Bada, egunotan, albistegietako azken muturrean entzunda jakin dugu Dominguez absolbitu egin duela epaieak.

Iñaki Elortza. Kazetari beteranoa «gure Hemingway partikularra» dela adierazi zuen Itziar Aranguren esatariak Udan Blai saioan (12:00-13:00), ostegunean. Egia da, Txapas sanferminetako ikonoetako bat bihurtu da jada, baina ez dakigu nola hartuko zuen Arangurenen zehaztapena: konparazioa bizarragatik egin omen zuen, ez jakinduriagatik…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.