Martin Barbarinek (Morentin, 1959) oso ongi daki Nafarroan zainzuriaren egoera zein den. Ez alferrik, 33 urte daramatza zainzuriak ekoizten Lizarratik oso gertu, Morentin herrian dituen hiru hektareatan. Ekoizle izateaz gain, Nafarroako Zainzuriaren Adierazpen Geografiko Babestuko presidente ere bada.
Zainzuriaren garaia hasi berria da. Zer espero da?
Sasoia zaila izanen da, kontserba lantegietan pilatuta dagoen zainzuri kopurua handia delako. Inoiz ez genuen hainbeste izan. Gordeta milioi bat eta berrehun mila kilo daude, eta kontserba lan-tegiek ez dute gehiago hartu nahi.
Enpresek prezioak jaitsi nahi dituzte, kontserban pilatutako zainzuria asko dagoelako. Egoera horretan zer egin daiteke?
Zainzuriaren aurtengo prezioa oraindik ez dago adostua, baina badirudi jaitsi eginen dela. Zainzuriaren adierazpen geografiko babestuko batzorde arautzailea ezin da prezioaren negoziazioan sartu. Prezio jaisten bada, atera berritan zainzuri gehiago saltzea da aterabide bakarra. Freskoa merkaturatzeko sasoia baliatu behar da. Hartu berritan dagoen zainzuria ahalik eta salmenta toki gehienetan eduki behar da.
Zergatik pilatu da aurreko urteetako zainzuria?
Zoritxarrez, krisiak beste sektore batzuei baino gehiago eragiten digu. Zainzuria delicatessen produktu bat da, eta merkatu jakin batentzat da. Gainera, hemengo kostuak eta kalitatea ez dituen zainzuri batekin lehiatu behar du,Txinatik eta Perutik ekarritakoarekin.
Zainzuri freskoa saltzeko kanpaina berezirik eginen duzue?
Prodecasa Nekazaritzako Elikagaiak Babesteko eta Sustatzeko Elkartearekin batera kasik bi milioi euroko kanpaina egiten ari gara. Hiru urtetan garatuko da. Batetik, zainzuri freskoaren sasoian, salmenta kanpaina handia eginen dugu eta, bestetik, urtean zehar, ontziratutako zainzuriaren kanpaina sustatuko dugu. Hartu berritako zainzurien kanpaina gaur bertan hasiko dugu. Madrilen dugu aurkezpena. Ontziratutakoa, berriz, ekainaren hasieran eta Eguberritan eginen dugu.
Zertan oinarritzen da zainzuri freskoa saltzeko kanpaina?
Salmenta tokietan zainzuria nola zuritu eta nola egosten den erakutsiko dugu. Kanpaina Euskadin, Bartzelonan eta Madrilen eginen da. 400 salmenta postu aurreikusita daude.
Eta ontziratutakoa?
Zainzuriaren kanpaina bukatzen denean hasiko da lehena, ekainean, eta bigarrena, Eguberrietan. Salmeta tokietan Nafarroako zainzuriaren egoera zein den zehazteko kanpainak izanen dira.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ontziratutako zainzuriaren kasuan zalantzazkoa da, baina hartu berritan merkaturatzen denari etorkizun oparoa edo handia ikusten diot. Europan errenta handienen kontsumoa produktu freskoetan oinarritzen ari da. Alorretik mahaira zuzenean. Baratzetik mahaira doan zainzuri hoberena gurea da. Berritan hartutako sasoiak baliatu behar ditugu. Europako beste herri batzuetan kontsumitzen duten zainzuri guztia freskoan produ-zitutakoa da, eta guk bide hori egin behar dugu. Suitza da gehien kontsumitzen duen herrialdea. Suitzar bakoitzak urtero bi kilo zainzuri jaten ditu, eta ez du produkziorik. Espainiak, Frantziak eta Alemaniak saltzen dizkiete.
Europako beste merkatu batzuetara zabaltzea pentsatu duzue?
Horretan gaude, baina merkatuan sartzen diren lehen zain-zuriak Andaluziakoak eta Extremadurakoak [Espainia] dira. Gero hasten gara gu, baina denbora gutxi dugu, Alemania gure atzetik berehala abiatzen delako, eta Europa hegoaldean produzitzen diren zainzuriak Alemaniara doaz, merkatua asetzen den arte.
Martin Barbarin. Nafarroako Zainzuriaren Adierazpen Geografiko Babestuko presidentea
«Sasoia zaila izanen da, kontserbagintzan pilatuta zainzuri asko dagoelako»
Martin Barbarinek dio sektorea egoera zailean dagoela, eta uste du ahalik eta gehien hartu berritan merkaturatzean dagoela zainzuriaren etorkizuna, hori dela egoerari aurre egiteko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu