Saxofoi jotzaile klasikoa

Scott Hamilton musikaria arituko da gaur Bilbon, Toni Solaren boskotearekin batera

Scott Hamiltonek saxofoi tenorra jotzen du, eta 40 disko baino gehiago grabatu ditu. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Saxofoi jotzaile askok soinu eta estilo berriak bilatzen zituzten garaian, dohain berezia zuela jakin zuen Scott Hamiltonek: jazz jotzaile klasikoen goxotasuna zerion haren saxofoiari. Ortodoxia heldu horren gainean eraiki du estatubatuar horrek bere ibilbidea. Saxofoi borrokan arituko da gaur Toni Solarekin, Bilbon, Solaren boskotearen laguntzarekin.

Kondairak dioenez, Hamiltonek klarinete eskola bakan batzuk jaso zituen 1962. urtean, artean 8 urte zituela, eta horretan datza musikan jaso duen heziketa formal guztia. Hark kontatzen duenez, aitaren disko bilduma zabalari esker ikasi zuen jazza zertan zen. Dagoeneko,40 disko baino gehiago grabatu ditu, eta jazzeko saxofoi tenor jotzailerik handienetako bat da, estilorik klasikoenean. Londresen urte luzez bizi ondoren, aspaldi honetan Florentzia (Italia) hartu du bizitoki. Europa osoan sarri ibiltzen da jotzen.

Toni Solak bere saxo tenorra neurtuko du Hamiltonekin. Los Rebeldes musika taldearekin hasi zen jotzen, baina, adinarekin, jazz aldera jo du. Andreu Buenafuente telebista aurkezlearen saioetan jo izan du urte askoan, eta jazzaren munduko zenbait musikari handiri lagundu die diskoak grabatzen eta zuzenean.

SCOTT HAMILTON& TONI SOLA QUINTET

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Arriaga Musika Goi Eskolan, Sarrikon, Bilbon. Doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.