Ezarian. Zientzia

Scott, abentura eta zientzia

Roald Amundsen hego polora iritsi zela mende bat beteko da hilaren 14an. Robert Falcon Scottek galdu zuen lasterketa, baina zientzia ikuspegitik, arrakastatsua gertatu zen haren epopeia.

Lawrence Oates, Henry Bowers, Edward Wilson, Edgar Evans eta Robert Falcon Scott, hego polorako bidaiaren atarian. WORDPRESS.
xabier martin
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Scott eta bere espedizioko kideak Beardmore glaziarra jaisten hasi ziren 1912ko otsailaren 7an. Hiru aste zeramatzaten egunero 23 kilometro egiten basamortu hotz eta zurian, zero azpitik 30 graduko tenperaturan. Gero eta ahulago egonagatik, lan geologikorako egun erdia agindu zuen Scottek; hamalau kilo lagin gehitu zituzten euren leretara egun hartan. Lawrence Oates, Henry Bowers, Edward Wilson, Edgar Evans eta Robert Falcon Scottek zientzia espedizio bat osatzen zuten ezeren gainetik.

Hego polora estreinakoz iristeko lasterketa galdua zuten; bazekiten, Roald Amundsenek utzitako denda aurkitu baitzuten ilbeltzaren 16an. Norvegiarra 1911ko abenduaren 14an iritsi zen helmugara, datorren astean mende bat; hala frogatzen zuen Scottentzat utzitako eskutitz batek. «Norvegiarrak aurreratu egin zaizkigu… Bihar polora joango gara, eta gero kanpaleku nagusira itzuliko gara lehenbailehen», idatzi zuen Scottek bere egunerokoan. Asmo horiek ez ziren bete, ordea. «Egunero nahi dugu abiatu gure biltegira, 11 milietara, baina dendaren sarreran elur zurrunbiloak jarraitzen du. Ez dut uste ezer hoberik espero dezakegunik orain. Bukaera arte saiatuko gara, baina ahultzen ari gara, eta amaiera ez dago urruti. Lastima da, baina uste dut ezin dudala gehiago idatzi. R.Scott». 1912ko martxoaren 29a; Terra Nova espedizioburuaren egunerokoak ematen du porrotaren testigantza.

Porrota bai, baina hego poloaren lasterketari dagokionez bakarrik, Scotten helburua ez baitzen soilik lehena izatearen loria lortzea inperio britainiarrarentzat. Terra Nova espedizioa —ofizialki, British Antarctic Expedition 1910— zientzia bidaia izan zen, eta saioan hildakoen dendan aurkitu zutenak ematen du baieztapen horren oinarria: 16 kilogramo fosil, metereologia eguneroko bat, filmatzeen pelikulak eta beste hainbat ohar idatzirik. Beharbada laginen pisurik gabe bidaiatzeak beste aukera bat emango zien infernu zuri hartan, baina baliotsuegiak zirela erabaki zuten. Hegoaldeko lur hori esploratzeko xedea zuten lehen-lehenik. Garaiko zientzialariek Antartikak zientziaren atal guztietan ezagutza handia ekarriko zuela uste zuten.

XIX. mendearen bukaeran Antartika eremu zuri bat baino ez zen mapetan; ez zekiten kontinentea zen ala uharte multzo izoztu bat. Scottek 1901ean egin zuen hara bere lehen espedizioa, eta hamar urte geroago itzuli zen, naturaren laginak biltzeko helburuz. Behaketak ere egin behar zituzten, gero itzultzean azterketak egin ahal izateko.

Bidaia dramatiko hura 65 gizonek hasi zuten Terra Nova itsasontzian, baina gutxi batzuk barneratu ziren izotzetan hego poloaren bila; Shakeltonek Nimrod espedizioan urratutako ibilbidea jarraitu zuten Ross izotzezko hesitik gora, gero Bearmore glaziarra zeharkatzeko. Gainontzekoek ikerketa zientifikoarekin jarraitu zuten kanpaleku nagusitik asko aldendu gabe. Hona Scotten bidaian egindako hainbat aurkikuntza:

Katebegi galduaren fosila

Scotten gorpu izoztuaren alboan fosil bat aurkitu zuten euren espediziokideek, Glossoptens indica, pagoaren antzeko zuhaitz galdu baten fosila, duela 250 milioi urtekoa. Hego polotik bueltan zetorrela, Scotten taldea morrena bat aztertzeko beta hartu zuen, Buckley tontorraren magalean. Jakitun ziren teoria berri bat bazela, zeinaren arabera Antartika Gondwanaland esaten zioten (egungo Gondwana) antzinako kontinente erraldoi bati lotuta egon baitzen. Teoria indartuko zuen pieza nahi zuten Scottek eta besteek. Hura aurkitzean Lurraren puzzlea osatuko zuen pieza aurkitu zutela pentsatu zuten, eta hala izan zen maila batean, planetaren ezagutza geologikoan aurrerapauso nabarmena ekarri baitzuen.

Pinguino enperadorearen arrautzak

Terra Nova espedizioak 2.000 espezieko animaliak bildu zituen, horietatik 400 ezezagunak ordu arte. Pinguino enperadore baten hiru arrautzen bilduma izan zen aurkikuntzarik garrantzitsuena. Darwinen eboluzioaren teoria frogatuko zuen proba izatea espero zuten. Garatzen zen bitartean enbrioi bat bere espeziaren eboluzioaren aro guztietatik pasatzen zela uste zuten garaiko zientzialariek. Pinguino enperadoreak munduko hegazti antzinakoenak jotzen zituztela hartu behar da kontuan. Hala, arrautza horien enbrioiek dinosauroen eta hegaztien arteko lotura erakutsiko zutela uste zuten. Baina teoria horiek okerrak zirela ikusi zuten. Hala ere, espediziokideek jasotako pinguinoen azalak balekoak izan ziren zientziarako azkenean, 1960ko hamarkadan baliatu baitzituzten DDT pestizida Antartikara heldu zela frogatzeko.

Animalien filmatzeak

Animalien laginak, marrazkiak eta argazkiak ekartzeaz gain, Terra Nova hego poloko animalia horien filmatzeekin itzuli zen Ingalaterrara. Animaliak bizirik bere egunerokotasunean ikusteko abagunea eman zuten pelikulok. Biologiaren ataleko azterketak egiteko kamera bat erabiltzen estreinako aldia izan zen hura.

Herbert Pontingek Antartikako animalia txiki askoren bizitza-zikloak grabatu zituen. Adibidez, Weddellko fokak euren hortzekin izotzetan zuloak egiten harrapatu zituen; zuloak arnasa hartu ahal izateko egiten zituztela zioen teoria zapuztu zuen grabazioak. Taldeka ehizatzen duten baleak ere jaso zituen bere kamerak—hiltzeko zorian izan zen hura filmatzen ari zela izotza apurtu eta itsasora erori zenean—. Gainera, argazkilari gisa etengabe erabili zuen bere kamera, esaterako, izotzaren forma eta egitura islatzeko.

Klimatologiaren gorabeherak

Scotten espedizioa aro epel batean sartu zen Antartikan; urteko sasoi horretan zero azpitik 28 graduko tenperatura zen garaian batez bestekoa. Espediziokideak, ordea, euren dendetan hil ziren izozturik, elur erauntsiari aurre egin ezinik. Tenperaturak zerotik 40 gradura jaitsi ziren oso denbora gutxian. «Inork ez zukeen esperoko tenperaturaren eta izotzaren baldintza hauek urteko sasoi honetan. Argi dago baldintza hauek bat-batean sortzen direla hemen, eta klima gogor honen bat-bateko etorrerak azaltzen du gure porrota», idatzi zuen Scottek bere egunerokoan. Zergatik gertatu zen hori? Ohiz kanpoko gertaera klimatologikoa izan zen. 1912ko urtean negu antartikoa aurreratu egin zen, eta gogor jo zuen hasieratik. Terra Nova espedizioak jasotako klimaren datuak oso lagungarriak izan ziren; Antartikaren klima bera ulertzeko, batetik, eta hegoaldeko hemisferioan haize lasterrek nola diharduten jakiteko, bestetik.

2012ko martxoa bukatu aurretik hiltzat jo zituzten Scott eta bere taldea Terra Nova balea itsasontzian jarraitzen zutenek. Hala eta guztiz ere, zientzia eginkizunekin jarraitu zuten negu osoan. Hainbat salbamendu espediziotan saiatu eta gero, urriaren 29an, Edward Atkinson talde txiki batekin abiatu zen berriro Scotten bila —ordurako hura zen espedizioburua—, eta azaroaren 12an aurkitu zuten poloko espediziokideen denda; One to Depot biltegitik 18 kilometrora geratu ziren Scott, Wilson eta Bowers. Evansen eta Oatesen hilotzak atzerago gelditu ziren izotzetan, betiko —otsaiaren 17an eta martxoaren 17an hil ziren, hurrenez hurren—. Atkinsonek denda erabili zuen gorpuak estaltzeko, eta haien gainean izotza jarri ondoren gurutze bat altxatu zuen eski zahar batzuk baliatuta. Atkinsonek dendan aurkitutako txostenak, laginak eta Scotten egunerokoa eraman zuen berarekin, zientzia espedizio baten testigantza inondik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.