Ezarian. Zientzia

Segada hegaztientzat

Azken urteetan milaka hegazti hil dira Euskal Herriko haranetan eta basoetan argindar kableekin talka eginda edo haiengatik elektrokutatuta. Bartzelonako Unibertsitateko biologo batek formula zehatz bat proposatu du zutoin horien arriskua saihesteko.

Neurri handiko hontz bat zutoin elektriko batean elektrokutaturik. SAO.
xabier martin
Donostia
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Galtzeko arriskuan dauden espezieak dira argindar kableetan gehien hiltzen diren hegaztiak. Neurri erdiko eta handiko harrapariak, arrano mota ugari, belatzak, miruak, hontz batzuk eta beste hainbat, atseden hartzera geratzen dira kableetan eta haiek tenkatzen dituzten zutoinetan. Erabaki okerra da, elektrokutatu egiten baitira asko. Beste batzuk, berriz, kableetan geratu ez, baina haien aurka egiten dute talka hegan doazela, kableak ikusezin egiten zaizkielako. Emaitza heriotza izaten da sarritan horrelakoetan ere.

Argindarraren kableen arriskuaz aspaldi ohartarazi dute talde ekologistek, eta datu zehatzak izatea oso zaila den arren, jakin badakite milaka hegazti hiltzen direla Euskal Herriko zutoin elektrikoetan eta kableetan. Mundu osoko arazoa da, bestalde. Leku askotan zutoin horien kokalekua aldatu egin izan dute, aurretik heriotza ugariren arduradunak direla frogatutzat jotzen bada. Baina hori da arazoa, hain zuzen: Nola jakin zeintzuk diren zutoin arriskutsuak eta zeintzuk ez? Zenbat aldatu behar dira lekuz?

Eredu matematiko bat

Joan Real Orti (Sabadell, Katalunia, 1959) Bartzelonako Unibertsitateko Animalien Biologia saileko arduradunak eredu bat finkatu du, argindarraren kableak eta zutoiak leku okerrean dauden edo ez jakiteko. Katalunia hartu du oinarri bere eredu matematikoa sortzeko, eta eredu hori bera balekoa da mediterraneo osoko parajeetarako; Euskal Herrirako ere sor daiteke eredua hemengo ekosistemetan aldagai bertsuak neurtuz; hala dio formularen egileak. Katalunian zutoien %6 aldatuta, hegaztien heriotzek %70 egingo lukete behera, Joan Real Ortik dioenez.

Zutoinen ezaugarri teknikoak edo diseinua —1.000 diseinutik gora daude—, kokaturik dauden leku zehatzak eta inguru haietan zer-nolako hegaztiak bizi diren edo pasatzen diren; hiru ezaugarri horiekin ateratzen da emaitza, eta jakiten da zutoin bat aldatu behar den edo ez —haren diseinua—. Halaber, zutoin elektriko bat jarri aurretik, hegaztientzat zer-nolako arriskua izango duen aurrez ikus dezake ereduak. Eta, hala, argindar kableen norabidea alda daiteke zutoinak jartzen hasi aurretik. Batzuetan, zutoinak berak—goialdeak— eragiten du arazoa, hegaztientzat atseden leku eroso izango dela ematen duelako. Beste batzuetan, argindarraren kableak atmosferaren aurka ikusezin bihurtzen dira harraparientzat, eta, talka handia gertatzen bada, heriotza dator berehala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.