Simaur kiratsa. Euskadi Irratiko kirol sailekoek jarraipen dotorea egin diote egunotan, gaur Elizondon egitekoa den aizkolarien txapelketari. Aizkolariei elkarrizketak, Andres Osa Sakona adituaren iritziak, aizkora jokoaren eboluzioaren azterketa… Bapo berotu dute giroa, erdipurdiko kirolzaleak ere gaurko saioari begira jarrarazteko moduan. Kontrastea, Radio Euskadiko kirol saioek ekarri digute; ohiko jarrera, esku pilota ez den gainerako euskal sustraidun kirolekiko. Simaur kiratsa darie joko horiei, nonbait. Euskara eta euskal kultura bezala, herri kirolek ere EIk jorratu beharreko kontuak dira. Txokokeria eta txikikeriak dira horiek, folklore hutsa. REn unibertsaltasunaren zaleak dira.
Iruzurra. Xabier Unanue esatariak interneten eta sare sozialetan iruzurra egiten ari diren politikariei segimendua egiteko eskatu zuen atzo (@ Bildua saioa, 09:30-10:00). EITBko zuzendaritzak alderdi politikoei banatu dizkien tarteak ikusita, iruzurraren segimendua horiengana ere zabaldu beharko litzateke. Arrazoia zeukan Edorta Arana EHUko irakasleak lehengoan, tarte horiek autobonbo akritiko, planifikatu eta aspergarriak direla adieraztekoan; bada, gehitu beharko genuke auzo lotsarako espazioak ere badirela. Izan ere, politikarien adierazpenik ponpoxoenak hautatu eta horiek segundo bakanetara makurtu behar dituzten kazetariak amorrarazteko sortuak dira. Badakite politikariek, eta horien lanak erraztera joan ohi dira. Era horretan, gidoia idatzia daukan komedia antzezten digute biek, elkarren konplize.
Bazterkeria bistan. Goitik politikoki ezarri den proportzio falta hori egunerokoaren isla baino ez da EITBn, REn bereziki. Eta alde horretatik, bere alde ona badauka, ofiziala egiten baita eguneroko bazterkeria. Azken batean, tarte horiek lortzen ari dira entzulea gehiago jar dadin formatu anakronikoari begira, edukiei baino.
Gaur bai, atzo ez. Pernando Barrena ekarri zuen Dani Alvarezek elkarrizketa luzera, REn asteazkenean. Noizbait argitu beharko digute legez kanporatutako alderdi bateko kidea, auziperatua dagoena, zergatik gonbida daitekeen gaur, atzo ezin zenean legeak bete beharraren aitzakian…
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Segimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu