Komunikazioa. Irlen sarea

Segurtasuna gailu mugikorretan

gorka julio
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hemendik aurrera, gero eta gehiago gailu mugikorretatik sartuko gara Internetera. Gailu horiek guztiak oso garrantzitsuak izango dira gure bizitzan, eta horietan dagoen informazioa seguru edukitzeko beharra ere gero eta handiagoa izango da alderdi askotatik.

Lehenengoa segurtasun fisikoa da. Hau da, gailua galdu edo lapurtzen badigute, zer egin? Zenbait aukera daude, baina ziurtatu beharko genuke zerbait gertatuz gero gure datuak ezin direla ikusi. Horretarako, datuetarako sarbidea ukatzeko aukera ematen duen aplikazioren bat instalatuta eduki beharko genuke aurretik. Horrekin loturik, interesgarria izan daiteke barneko datuak enkriptatuak egotea. Horrela nahiz eta mugikorra lortu, itzalita baldin badago, datuak eskuratzeko saioak oztopatzen dira. Gailua berreskuratu nahiko bagenu, berriz, gure mugikorra non dagoen esango digun aplikazio bat instalatu beharko genuke. Mugikor askok gaur egun GPS gailuak ere badituzte, baita Interneteko sarbidea ere. Horri esker, une oro gure mugikorra non dagoen jakin dezakegu nahi izanez gero eta horri esker berreskuratu.

Gure komunikazio gehienak ez dira guztiz seguruak. Hori hobetzeko enkriptazioa erabiltzen duten tresnak erabili behar ditugu ahal den guztietan. Horretaz gain, gure anonimotasuna ziurtatu nahi badugu Orbot eta horrelako TOR sarea erabiltzen duten aplikazioak ere instala daitezke.

Baina segurtasun zulo handienak gailu mugikorretan modan jarri diren aplikazio desegokiak instalatzetik datoz. Aplikazio hauek instalatzen ditugunean, gure sisteman egingo dituzten ekintzak zehazten dituzte, eta guk baimendu behar ditugu. Aplikazio batzuek behar baino baimen gehiago eskatzen dituzte, eta hortik etorri ohi dira arazorik larrienak. Ahal dela ziurtatu jende askok erabiltzen dituela edota software librea direla, behintzat horrela tripetan zer ezkutatzen duten jakingo duzu eta.

Demagun joko bat instalatu nahi dugula eta gure kontaktu agenda kontsultatzeko baimena eskatzen digula joko horrek. Horrek behintzat arreta piztu beharko liguke; zertarako behar du joko batek nire kontaktu agenda kontsultatzea?

Beraz, segurtasun fisikoa kontutan hartu, zure komunikazioetako segurtasunaz jabe izan eta neurriak hartu, baina batez ere zuhurra izan instalatzen dituzun aplikazioekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.