Aurtengoa seigarrena da. Ekologistak Martxan elkarteak antolaturiko ekozinemaldia hasiko da bihar. Martxoaren 4ra arte, ingurumenari buruzko filmak emango dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamahiru hiritan, krisia ardatz.
Izan ere, gaurko krisialdia batez ere baliabideen krisia dela nabarmendu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, natur baliabideak eskuratzeko lasterketa zoroak munduan dakartzan kalteak erakusteko leihoa izango da jaialdia.
Esaterako, petrolioaren ustiapenaren eragina jorratzen dute zinemaldian erakutsiko dituzten Amanece Dignidad, Sucumbíos eta Sweet Crude filmek. Indonesian olioa lortzeko landaturiko palmondo afrikarraren kasua kontatzen dute Palm Off filmean, eta meatzaritza basatiaren adibideak ikusi ahalko dira El Oro o la vida lanean.
Munduko beste muturreko gaiak ez ezik, etxeko atarian joka ditugunak ere jorratuko dituzte. Kataluniako La MAT filmean goi tentsioko kableen kasua lantzen dute, garapenaren eta kapitalismoaren jokabideak aztertzeko. Irlandako The Pipe lanean, berriz, multinazionalek ezarritako gasbideen eragina erakutsiko dute.
EKOZINEMALDIA
Noiz. Gaurtik martxoaren 4ra arte. Film zerrenda eta ordutegi osoa hiriz hiri ikusteko: http://ekozinemaldia.blogspot.com
Seigarren Ekozinemaldia
Astelehenetik martxoaren 4ra arte, 11 naziotako filmak ikusi ahalko dira hiru herrialdetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu