Komunikazioa. Ekografiak

Seinale onak hitz txarrekin

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Igarriko zenioten honezkero: genero maitea dut elkarrizketa. Are telebistan egiten dena ere, bada patxadaz, trankil, ordu-orratzen tiraniari muzin eginez. Eta bada zuzen, zorrotz, behar denean harramazka eginez. Ostegun gauean ikusi nituen bi: bat Monica Terribasek Artur Mas presidente katalanari eginikoa; Xabier Euzkitzek eta haren kideek Bernardo Atxaga idazleari eginikoa bestea.

Hauteskundeak irabazi eta urtebetera, balantzea egitera gomitatu zuten Mas. Ikusmin handia zegoen, orain gutxi zutabe honetan ere aipatutako mozketak iragarri baititu irrati-telebista publikoetan. Eta gogor aritu zen Terribas, siku, ohi duen eran. Fama du Ana Pastorrek, baina hasiberria dirudi Terribasen ondoan. Oso adierazgarria izan zen bi-bien hizkera ez-berbala. Telebista katalaneko buruak bere kaleratzea sinatu zuela esan du batek baino gehiagok.

Baina, harritu ninduen, irrati-telebisten mozketei buruzko galdera bakarra izan zen, azkenaurrekoa, justu Anitzele hasi zen momentuan egina. Eta, erratu nahiko nuke, baina susmoa daukat round hori Masek irabazi zuela, garbi. Alderdi guztiek osatzen duten kontseiluak adostu dutela osasunean, hezkuntzan moztu badute logikoena dela komunikabide publikoetan ere moztea. Baina kazetaritza lezioa izan zen galdeketa. A, satira politikoa egiten duen Polònia saioa eman zuten jarraian. Mas bertsio diferentean ikusteko aukera.

Nik, ordea, segituan jarri nuen ETB1. Gonbidatua, Atxaga. Asteon nahi gabe polemikaren erdian jarri dutena, Fernando Aranburu (sic) izaki askeak adierazi baitu euskaraz idazten duten idazleak ez direla libreak, ezin dutela ETAz jardun, subentzionatuta daudelako. Eta Atxaga espresuki aipatzen zuen. Erantzuna kategorikoa izan zen, esanez purrustada seinale oso ona dela; euskarazko literatura garai batean zen zokotik atera, eta batzuk urduri dabiltzala. Seinale onak tarteka hitz txarrekin etortzen direla. Elkarrizketaren luzean bidali zizkion errekadu pare bat gehiago izaki askeari.

Oro har izan zen interesgarria elkarrizketa, osoa: biografia apunteak, literaturari buruzkoak, bizitza esaten diogun horren gainekoak. Abila baita Atxaga kalakan, ez diot berritik ezer. Arrantzatzeko ugari utzi zuen. Adibidez, hizketan asko ikasten dela. Hizketan ari direnei entzuten ere bai, gehituko genuke hemendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.