Gemma Sangines. Psikologoa

«Semaforoa berdean badago, euskaraz egin; gorrian edo horian badago, zeuk erabaki»

'Sortir de l'armari lingüístic' liburuaren inguruko hitzaldia emango du gaur, Donostian. Euskaraz bizi ahal izateko jokabide-gida da; hizkuntzari lotutako egoera deserosoei nola aurre egin azaltzen du.

EL TEMPS.
Maite Alustiza.
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gemma Sangines (Bilbo, 1970) psikologoa da, baita Tallers per la Llengua taldeko kidea ere. Duela hilabete gutxi Sortir de l'armari lingüístic liburua argitaratu zuen, Ferran Suayrekin batera. Gaur, liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko dute bi egileek Donostian, Espai Catalunya Topalekuan, 19:00etatik aurrera.

Euskaldun asko al dago armairuaren barruan?

Euskal Herriko egoera ez dut oso ondo ezagutzen, baina, ezagutzen dudanaren arabera, jende asko dago barruan. Armairutik ez dira ateratzen, askotan gaztelaniaz hasten dituzte elkarrizketak, eta euren hizkuntza ezkutatzen dute.

Euskararekin eta katalanarekin berdina gertatzen al da?

Ikuspegi psikologikotik nahiko antzekoak dira, baita galiziera eta hizkuntza gutxitu guztiak ere. Orain, adibidez, Galiziakoekin hasi gara harremanetan, eta gauza bera gertatzen zaie: lotsa linguistikoa. Dena den, komunikazioaren %70 ez-ahozkoa da, eta ziur aski bi hizkuntza erabiltzen dituztenek hizkuntza neutral bat topatuko dute. Euskaldun baten eta katalan baten artean, esaterako, ez dago arazorik. Arazoa euskaldunon artean edo katalanen artean gaztelaniaz egiten dutenean agertzen da.

Hizkuntza batean edo bestean hitz egiteko zalantza izanez gero, zer egin daiteke?

Zalantza eginez gero, beti euskaraz, eta eroso, gainera. Eta ia zer gertatzen den. Hiztunek uste dute bestea txarto sentituko dela euskaraz hitz egiteagatik, baina euskara ez da jaurtitzeko arma bat, hori zure hizkuntza da. Besteak euskaraz erantzuten badu, primeran; gaztelaniaz erantzuten badu, erantzun du behintzat, eta segi euskaraz. Besteak ulertzen ez dizula esaten dizunean dago zalantza.

Eta azken hori esaten badigute, nola jokatu behar da?

Egoeraren arabera, faktore askok parte hartzen dute. Baina garrantzitsuena eroso sentitzea da. Gure mezua honako hau da: egoera errazetan bakarrik egitea euskaraz, hau da, egoera gehienetan. Armairuan dagoen jendeak euskaraz egingo balu lehenengo momentutik, askoz errazagoa izango litzateke. Horrela aldaketa nabaria izango litzateke.

Egoera bakoitzaeta pertsona bakoitza mundu bat da. Liburuko pertsonaiek nola egiten diete aurre zalantzei?

Gure esperientzia liburu batean kontatzea proposatu zigutenean, ez genuen hori gauzatzeko asmorik. Egoera bakoitzean dauden irtenbideak infinituak dira, eta guk gida bat egitea erabaki genuen azkenean, semaforoaren kodea erabiliz. Semaforoa berdean badago, esan nahi du besteak ez dizula esan ez dizula ulertu; beraz, euskaraz egin. Horian edo gorrian badago, zeuk erabaki. Batzuetan borrokatzeko gogoa daukazu, eta besteetan ez. Garrantzitsuena eredu gisa funtzionatzea da, eroso zaudela erakustea, benetan eroso egotea eta hizkuntza jakin horretan aritzea.

Urtarrilean TELP tailerrak egingo dituzue Donostian. Praktikarekin ikasten den zerbait al da eroso sentitzearena?

Guk tailerretan teoria eta praktika egiten ditugu. Normalean, hasieran ikuspegi psikologikoa azaltzen dugu hitzaldi batean. Gero antzezlanak, ohikoak diren egoerak, ikasleen zalantzak... lantzen ditugu. Jokaera egokiena zein den, gure eskubideak zeintzuk diren eta kritikaren inguruan geure burua nola defenda dezakegunirakasten diegu ikasleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.