TXAPELA BURUAN. Nerea Romero. Florentzian bizi den bilbotarra

«Senideen kezka sentitzea izan da denetan okerrena»

Gidatzeko moduan izan ezik, nahiko antzekoak begitantzen zaizkio Euskal Herria eta Italia Romerori. Han dago konfinatuta, baina «lasai».

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Lehen aldiz ari da Nerea Romero (Bilbo, 1996) etxetik kanpo bizitzen, baina esperientziak ez du askoz gehiago iraungo, konfinamenduarekin batera bukatuko baita, seguru asko: beka bati esker abiatu zen Florentziara (Italia), baina uste du koronabirusa dela-eta praktikak bertan behera utziko dizkiotela.

Zerk eraman zintuen Florentziara?

Erasmus+ programaren barruko EPEZ [Enpresetan Praktikak Europan Zehar] egitasmoko beka bat eskatu nuen Europako herrialderen batean praktikak egiteko. Zazpi herrialde ematen zituzten aukeran, eta Italia hautatu nuen.

Zergatik aukeratu zenuen Italia?

Beti izan dut herrialdea ezagutzeko gogo handia, eta uste dut klima eta kultura aldetik parekoena dela. Enpresen administrazioa eta zuzendaritza ikasi dudanez, eta printzipioz ez denez oso konplikatua horrekin lotutako praktikak aurkitzea, Italia aukeratu nuen.

Aurretik egonda zinen?

Duela lau urte Erroman egon nintzen, baina bost egunez soilik.

Italia eta Euskal Herria nahiko antzekoak direla esan duzu, baina izango dute ezberdintasunik. Zein egin zaizu deigarrien?

Ezberdintasun nabarmenena agian gidatzeko forma izango litzateke. Korrika zeharkatu behar duzu bidea zure bizia salbatzeko. Erroman okerragoa zen egoera; hemen, gutxienez, semaforoak errespetatzen dituzte; han, hori ere ez.

Hizkuntzarekin zelan zabiltza?

Nik ez nuen italieraz batere hitz egiten; ikastera etorri nintzen hona. Bekarekin batera, italierazko online ikastaro bat eman ziguten, baina oso gutxi jakinda heldu nintzen. Nire ideia zen egunerokoan ikasiz joatea, lanean... Orain, ordea, koronabirusaren kontuaren ondorioz, praktikak bertan behera geratuko zaizkit seguru aski, eta egoera lehengora itzuli orduko itzuliko naiz etxera. Praktikekin jarraituko banu, ikasten egongo nintzateke, baina jada galdutzat ematen ditut...

Nola bizi duzu koronabirusaren egoera?

Hemen, ez dakit pixka bat arinago hasi zelako edo, ez dago hainbesteko kaosik. Supermerkatuetako apalak hustuago daude, baina jendeak ez du dagoen guztia eraman; ez du komuneko paper guztia bukatu. Kanpoko ilarak eta distantziak errespetatzen dituzte.

Zuri nola eragin dizu?

Martxoaren 10ean, Italia osoa izendatu zuten zona gorri. Okerrena da dena oso azkar joan dela, egun batetik bestera hartu zituzten neurriak. Egun horretan bertan esan ziguten ahalik eta azkarren itzultzeko, muga guztiak blokeatzera zihoazelako. Ordurako jada ez genuen hegaldi zuzenik. Bartzelonara zihoan autobus bat hartzen saiatu ginen, gero hortik Bilbora hegazkinez heltzeko, baina autobus bidaia ere bertan behera gelditu zen.

Beste modu batean itzultzen saiatu zinen?

Ez, hemen gelditu ginen, orduan ez geneukalako etxera itzultzeko aukera onik. Ez zitzaidan zentzuduna iruditzen Europako Batasuneko beste herrialde batera bidaiatzea, gero handik Bilbora itzultzeko ahalegina egiteko, kutsatuta egon nintekeen jakin gabe, nahiz eta ez dudan sintomarik eduki.

Zelan daramazu halako egoera bat etxetik urrun?

Graduan zehar ez nuen Erasmus bekarik eskatu; lehen aldia da etxetik kanpo bizi naizela. Hasieratik abentura bat izan da, eta horrelako egoera batekin topo egitea are konplikatuagoa izan da, hasieran informazio asko heltzen zaizulako eta ez dakizulako oso ondo zer egin. Denetan okerrena senideen kezka sentitzea izan da, guztiek deitu zidatelako hasieran. Ez dakit zer nolako informazioa heltzen ari zaien haiei, baina nik, etxean geratzeaz aparte, ez dut arazo handirik izan.

Etorkizunean zeure burua atzerrian ikusten duzu?

Ez nuke esaten jakingo. Beka hau bukatutakoan beste bat eskatzea zen nire asmoa, Global training, adibidez, edo mota horretako bat. Ez aukera faltagatik, beste herrialde batean bizitzeko esperientziagatik batez ere, erronkei aurre egiteko, bakarrik bizitzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.