Kursaalaren babesean, Zurriolako Kultur Irekia guneak kolore guztietako jende, doinu eta usainak biltzen ditu. Aste Nagusiko egun bakoitza kontinente bati eskaini diote, eta haren inguruko lantegiak antolatu dituzte haurrentzat. Madagaskartik etorritakoak izan ziren Afrikaren ordezkari atzo. Ipar eta Hego Amerika, Europa, Ozeania eta Antartikak izan dute jada eurei eskainitako eguna, eta gaur gelditzen den kontinentearen txanda izango da: Asiarena, hain zuzen ere.
Eguerdi aldean, gunera sartzean, perkusio soinuek egin zieten harrera atzo bertara hurbildutakoei. Kilema Madagaskarko taldea zegoen agertokian. Giro berezia zegoen ikusleen eta musikarien artean: lehenengoek gogotsu erantzuten zieten abeslariaren dantzarako aginduei. Guraso eta haurrak ziren, batik bat, han bildutakoak.
Abesti batetik besterako tartean ikusleekin hitz egiteko aprobetxatzen zuen abeslariak. Tarte horietako batean musika tresna haiek guztiak eurek eginak direla azaldu zuen. Musika tresnarik bitxiena kontzertuaren amaieran erakutsi zuen: kalabaza erdia. Kalabazak Madagaskarren «oso handiak» dira, eta eurek aprobetxatu egiten dituzte, eta beste erabilera bat ematen: «Dokumentaletan emakumeek buru gainean nola eramaten dituzten ikusiko zenuten, beharbada; guk, erdibitu eta musika egiten dugu haiekin».
Batzuk dantzan ari ziren, eta beste batzuk, atzerago dagoen terrazatxoan zeuden, begira. Postu ugarik inguratzen dute dantzaleku bihurtutako plaza: besteak beste, Galizia, Ekuador, Argentina eta Teruel eta Granadatik (Espainia) etorrikoak. Haien artean zeuden Segurako talogileak ere.
Adelina Fuyana Castellotik (Herrialde Katalanak) etorri da, eta freskagarriak saltzen ditu: jendeak gehien kaipirinaeta mojitoa eskatzen dio, baina baditu hainbat zaporetako edariizoztuak ere haurrentzat. «Leku hau zoragarria da: itsasoa atzean, musika atsegina… Oso gustura gaude, eta haurrei ere gustatzen zaiela nabari da», azaldu du Fuyanak.
Kontzertua bukatuta, alde egin zuten batzuek, eta beste batzuek tripa betetzeko aprobetxatu zuten. Dantza pixka bat eginda, etxerako bidea hartu zuen Purik, Ana zortzi urteko alabarekin. «Bigarren eguna dugu hau; atzo, Antartikako igluen antzekoak egin genituen», azaldu zuen. Pedro Perez Uma eta Estela alabekin zegoen lurrean eserita. Penaz zeuden, kontzertua amaitzear zela iritsi baitziren: «Abeslariak ederki kantatzen zuen, eta musika tresna oso politak zituen… Aho zabalik eta gogoz gelditu gara».
Gaur izango da Donostiako Aste Nagusiko azken eguna, eta arabiar musika tresnen tailerra izango da, 12:00etan. Arratsaldean ere izango dute Asiaren inguruan gehiago ikasteko aukera: 18:00etan izango da aurtengo Aste Nagusiko azken lantegia.
Donostiako Aste Nagusia
Senidetasunaren agertokia
Haurrentzako tailerrak, musika emanaldiak eta hainbat tokitako jakiak dastatzeko aukera dago Zurriolako Kultur Irekia guneanAfrikaren txanda izan zen atzo; gaur, berriz, Asiari eskainiko diote eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu