Iruñea eta Yamagutxi (Japonia) hirien arteko senidetzeak 30 urte bete zituen iaz. Urteurrena ospatzeko, joan den azaroan, hamabi artista nafarren artelanak jarri zituzten Yamagutxiko Izutsuya aretoan. Artista horien lanak bueltan dira, eta martxoaren 12ra arte Nafarroako hiriburuko Orizuru arte galerian ikus daitezke. Alicia Otaegik Yamagutxiko arte eskoletako ikasleekin zuzenean egindako lanaren pausoak ere ikus daitezke bilduman.
Erakusketak bi kulturen eta bi hiriren arteko komunikaziorako zubia izan nahi luke. Yamagutxi eta Iruñaren arteko kultur trukea bultzatu eta sustatu asmo du Keiko Hoshino Orizuru galeriako arduradunak. Hogei urte darama Nafarroan bizitzen, eta bi kulturen artean zubiak eraiki nahi lituzke. «Kultur trukerako sareak sortu eta mugimenduak bultzatu, bi hirien arteko loturen inguruan gogoeta sortzeko».
Erakusketan Juantxo Irulegi, Pedro Arizkuren, Cristina del Rosso, Alvaro Mundiñano, Luis Elia, Txon Pomes, Alicia Otaegi, Victoria Erviti, Itziar Nazabal, Lucho Herrera, Agustin Aguirre eta Juan Manuel Cuichan artisten lanak ikus daitezke. Argazkiak, margolanak eta beiran egindako artelanak goza daitezke. Guztiak ere, oso teknika ezberdinekin egindako artelanak, eta hainbat euskarritan gauzatuak eta adieraziak. Beti ere, hamabi artisten ibilbide eta lan arras ezberdinen lekuko.
Taldeko lana bultzatuz
Joan den urtean erakusketa Japonian egon zen egunetan, Alicia Otaegi artista iruindarrak taldean egindako lan bat burutu zuen zuzenean. Era berean, praktikan jarri zuen azken urteetan maiz erabili duen lan ildoa; birziklatutako materialekin lan egitea, alegia. Bi hirien arteko senidetzea islatu nahi izan zuen proiektuarekin, eta erakusketara joaten ziren ikusleak eramaten zituzten hondakinekin piramide zuri-gorri bat eraiki zuen. «Hondakinek asko esaten dute kultura ezberdinetaz eta pertsonetaz», gogoratu du Otaegik. Senidetzearen koloreak zuria eta gorria izatea nahi zuen eta ekarri zizkioten hondakinen artean kolore horietakoak bakarrik aukeratu eta sailkatu zituen. Japoniako kulturan eta Iruñekoan ere bi kolore horiek garrantzitsuak direlako hautatu zituen.
Plastikozko eta aluminiozko edukiontziak, jantziak, kartoiak, jostailu hautsiak... edota altzairu txikiak baztertu eta Yamagutxiko arte eskoletako ikasleen laguntzarekin eraiki zuen jendeak baztertutako hondakinekin piramidea. «Ikasleak zabortegietara joan ziren, hemengo Emausko Trapuketarien antzeko elkarteetara ere, lagunei eta senideei zakarrera botatzekoak zituztenak eskatu zizkieten... Laguntza guzti horri esker gauzatu ahal izan nuen lana».
Otaegik lan poetikoagoak egiten ditu, baina oraingoan formatu handia aukeratu zuen, senidetze batean gertatu ohi den moduan, jendeak parte hartzea lortu nahi zuelako. «Zakarrak aukera asko ematen ditu. Bertakoen eguneroko objektuak erabiliz interpretazio anitzak lor daitezke».
Yamagutxin Otaegik gauzatutako lan prozesu horren esperientzia eta azken emaitza argazkietan ikus daiteke galerian.
Senidetzea gogoan
Yamagutxi (Japonia) eta Iruñeko hiriak senidetu zirela 30 urte bete dira, eta urteurrena ospatzeko Yamagutxin egin zen artelanen erakusketa orain Iruñeko Orizuru arte galerian ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu