Jose Ramon Mendizabal. Gaztelubideko danbor nagusia

«Sentimenduz jantzitako festa parte-hartzailea da danborrada»

Lehen aldiz ikusiko du Jose Ramon Mendizabalek Konstituzio plazako bandera igoera danbor nagusi modura.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
1993. urtean atera zen Jose Ramon Mendizabal (Donostia, 1955) lehen aldiz Gaztelubideko danborradan. Iaz jaso zuen danborradako zuzendaritza makila Juan Mari Abaden eskutik, aldaketa zeremonian. Bigarren aldiz zuzenduko du danborrada aurten.

Nola doaz San Sebastian eguneko festarako prestakizunak?

Aurten berrikuntza pare batekin gatoz; duela bizpahiru hilabete hasi ginen gauzak prestatzen eta entseguak egiten antolakuntzari dagokionez.

Zeintzuk dira berrikuntza horiek?

Batetik, Sarriegiren bi konposizio gehitu ditugu aurten. Oilar-zaldieriaren konpartsa eta atso-zaldieriarena. Bestetik, urketari kopurua handitu dugu.

Zein izango da San Sebastian egunearen bezpera gaueko menua?

Itsaski krema, legatz solomoa kokotsekin eta txirlekin eta azpizuna osagarriarekin. Amaitzeko, postre moduan, hostopilezko eta kremazko tarta jango dugu.

Zer-nolako erronka da danbor nagusia izatea?

Oso garrantzitsua da Parte Zaharreko donostiar batentzako gauerdian oholtza gainean egotea. Bandera jasotzea festaren hasieraren ikurra da. Apur bat urduri nago, lehen aldia delako; ez dut ukatuko. Estreinako aldia baino gehiago, dena ondo ateratzeko dudan arduragatik.

Juan Mari Abad gertu edukiko al duzu aholkuren bat eskatzeko?

Juan Mari danborrada prestatzeko taldean dabil urriaz geroztik. Eskarmentu handiko gizona da, eta niri bakarrik ez, guztioi lasaitasun handia transmititzen digu. Zaila izango da hamabost urtez danborradaren aurpegia izan dena ordezkatzea; halere, espero dut hura bezainbeste denbora egotea.

Zeintzuk dira danbor nagusiaren funtzioak?

Danborradaren ardura nagusia du danbor nagusiak. Festaren antolakuntzaz gain, xehetasun guztiak zaindu behar ditu.

Danbor nagusiaz izateaz gain, Kai Arriba traineruko entrenatzaile zara.

Donostiako Parte Zaharrekoa naiz, eta geneetan daramat hori. Nire aita danborradan ateratzen zen, eta etxean txikitatik ikusi izan dut. Bestalde, Zarauzko traineruaren entrenatzaile izan nintzen, eta ondoren, Donostiatik deitu ninduten. Laguntzaile onekin ederki egin daitezke bi gauza horiek.

Zer da donostiar batentzat danborradan ateratzea?

Oso festa parte-hartzailea da. Ez dakit horrenbeste hiritar parte hartzen duen beste festarik egongo ote den. Berez inauteri konpartsa bat da danborrada, baina, denboraren poderioz, transformazio bat izan du. Inauteri konpartsa izaten zen lehen, eta orain jendeak bere egin duen eta sentimenduz jantzitako festa bat da. Egun, Donostiako festarik handiena da, eta, donostiar batentzat, festa horretan parte hartzea bere jaioterriaren funtsean parte hartzea da. Inauteri bat da, baina nik ez dut sekula negar eginarazten duen tankera horretako inauteririk ikusi.

Zein da gogoan hoberen gordetzen duzun danborrada?

Donostiako Orfeoiarekin batera Gaztelubideko 75. urteurrena ospatu genuena oso hunkigarria izan zen. Gaztelubiderekin atera nintzen lehen danborrada ere oso berezia izan zen niretzat, aita urte horretan hil baitzen. Danborrada hau ere berezia izatea espero dut.

Danborrada gauean, erlojuak gauerdiko kanpaiak ematean zer pasatuko zaizu burutik?

Sentimendu koktel bat izango da. Emozioa, ardura, ilusioa, senideen, lagunen eta gurekin ez dauden jendearen oroitzapenak. Beldur naiz gainetik pasatzen zaizun olatu bat bezala izango ez ote den, egoera kontrolatzen uzten ez zaituena. Indar handiz bizitzearekin konformatuko nintzateke.

Emakumeen egoera hobera al doa Gaztelubiden?

Iaz baino lau urketari gehiago aterako dira aurten. Gaztelubiden dagoen joera berria garrantzitsua da. Gero eta ahots matxista gutxiago entzuten dira, eta barne arautegia aldatzen ari gara. Ez gara mugitzen askok nahi luketen bezain azkar, baina badago beste hainbat jende ez litzatekeena ezer mugituko. Ni naiz, beste batzuekin batera, irekitasunaren aldeko aurpegia, betiere gure tradizio eta historia gogoratuz eta elkarteko kide izateaz harro sentituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.