Komunikazioa

SER irratiko langileek greba egingo dute hilaren 29an, kaleratzeen aurka

Zuzendaritzak 200 langile kaleratzea aurreikusi du, aurkeztu duen erregulazio espedientean

SER-eko mikrofonoak hutsik irratiaren Madrilgo egoitzan. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Berriki enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu die SER irratiko zuzendaritzak langileen ordezkariei. Eta, espediente horren arabera, 200 langile kalera joan daitezke luze gabe. Soldatak %10 jaitsi nahi dituzte. Prisa Radioko zentro arteko batzordeak, planto egin, eta datorren ostiralerako grebara deitu du. «Gelditu egingo gara, 200 lankideren kaleratzea gelditzeko, maite dugun irratia salbatzeko», adierazi dute SER-eko langileen blogean. Grebarako deialdia egin aurretik, zentroarteko batzordeak argi utzi zuen ez duela kaleratzerik negoziatuko, «arrazoi legal eta moralengatik». Bada akordio legal bat enpresa behartzen duena kaleratze kolektiborik ez egiteko 18 hilabetean. «Zentro arteko batzordeak elkarrizketarako borondatea erakutsi du behin eta berriz, eta neurri alternatiboak proposatu dizkio zuzendaritzari. Hala, enpresak adierazitako elkarrizketarako nahia benetakoa izatea espero dugu», gaineratu dute langile batzordetik.

Langileen ordezkariek, berriz, harrituta hartu dute SER kateko fitxaketa berria: Pepa Bueno. Azkeneko 20 urteetan TVEn aritu da Bueno, eta datorren denboraldian Hoy por Hoy saioa gidatuko du Gemma Niergarekin batera. «Fitxaketa berriaren soldata kaleratu nahi dituzten 200 langileenarekin ordaindu nahi al dute?», galdetu dute SEReko langileek haien blogean. vozpopuli.com atari digitalaren arabera, Buenok hiru urtetan bi milioi euro jasoko ditu. SERek gezurtatu egin du informazio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.