Donostiako Aste Nagusiaren balantzea egiterakoan, Eneko Goia alkateak gertatutako sexu erasoak gaitzetsi egin ditu. “Guztira zazpi salaketa jaso ditugu, eta aurreko urtean bakar bat izan genuen. Ez da erraza horren azalpena topatu ahal izatea. Arrazoietako bat izan liteke gaiaren aurrean sentsibilizazio handiagoa dagoela, eta beraz, salaketa egiteko pauso gehiago ematen dela iraganean baino”. Gizarte bezala gogoeta egitera deitu du. “Uste dut akats bat egingo genukeela afera espazio fisiko batean zentratuko bagenu”, esan du Kursaaleko Urumea terrazan eta inguruetan izandako hiru salaketen inguruan. Oraindik egoera larrian dagoen Urnietako mutilaren kasua ere aipatu nahi izan du Goiak: “Hori izan da aurtengo puntu beltzetako bat”.
Horretaz gain, ekitaldiek bildu duten ikusle kopuruaz hitz egin du: su festa izan da ikusle gehien izan dituen ekitaldia. Sagueseko kontzertuetan, Jarabe de Palo izan da entzule gehien izan dituena, eta Pasealeku Berriko noriaren arrakasta ere azpimarratu nahi izan dute. Abuztuaren 26ra arte geratuko da, “izandako arrakasta kontuan hartuta”.
EH Bilduren arabera, “Aste Nagusiaren balantzea ezin da positiboa izan, eta Goiaren udal gobernua berdintasun arloko politikei dagokienez egiten ari den kudeaketa negargarria salatzeko unea da”. Mugimendu feminista “baztertzen” ari direla salatu dute, eta egiturazko neurriak hartzeko beharra azpimarratu.