Komedia eroa da, baina umore argia darabil denoi eragiten diguten kontuen inguruan: sexua eta maitasuna. Horra Vaiven eta La Pavana konpainiek ekoitzitako Terapiak antzezlanaren funtsa. Gaur taularatuko dute Gasteizen.
Pertsonaiak oreka emozionalaren eta euren identitate sexualaren bila dabiltza. Baina terapeuta ero eta lotsagabeen eskuetan erortzen dira, eta ulertzen dute sendagileek berek behar dutela terapia.
Christopher Durang antzerkigile estatubatuarraren Beyond Therapy lanean oinarritzen da pieza. Robert Altman zinemagileak film bat egin zuen horretan oinarrituta, 1987. urtean, baina Durangek salatu egin zuen zuzendariaren lana, istorioa goitik behera aldatu zuelako eta, egoera eroak aurkeztu arren, pertsonaien portaeraren azpiko logika guztia galdu egin zuelako.
Erritmo azkar eta zirraragarri baten bitartez, pertsonaieneromena erretratatzen du, benetako zentzugabekeria genero eta sexu roletan dagoela ondorioztatzeko.
Gainera, antzezlanak zerikusi handia du Durangen biografiarekin. Eskola katolikoetan hezi zuten, eta bere lanetan askotan landu ditu haurren aurkako sexu gehiegikeriak, dogma erlijiosoak eta homosexualitatea.
ANTZERKIA
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Principal antzokian,Gasteizen.
Sexu nortasunarekin barrezka
Vaiven eta La Pavana taldeek Christopher Durangen 'Terapiak' antzezlana taularatuko dute gaur Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu