Sexu adikzioa terminoa 1945ean erabili zuen lehen aldiz psikoanalista batek, baina terminoa 1983an hedatu zen, presondegi bateko psikologo batek hedatu ere. Askoz lehenago, 1886an, Krafft-Ebbingek bere Psychopathia Sexualis liburan deskribatu zuen. Orduan, ninfomania (andreei zegokien) edo satiriasia (gizonei zegokien) deitzen zion egun sexu adikzioa deitzen zaionari.
«Sexualitate patologiko bat da. Egoera horretan, pertsona bati sexuarekiko gogoa naturala ez den modu batean hazten zaio, bere pentsamenduak eta sentimenduak zeharkatuz, eta gogo hori bihurtuz bere bizitzako helburu bakarra. Betiere oso modu iskanbilatsuan eta eskatzailean, andre- gizonen arteko topaketa moralik ez zuzenik bermatu gabe. Bere gogoa sexu gozamen oldartsu eta asegabeko segidaz betez. Sexualitate patologiko hau estatuaren eta moralaren legeen aurka dago; biktimentzat oso izugarria da, ohorea, askatasuna eta, are gehiago, bizitza galtzeko zorian daudelako».
Egun, sexua, sexualitatea eta erotika aztergai direnez, oso garai ilustratuetan bizi garela pentsatzen dugu, eta antzinako aurreiritziak ahaztuta daudela. Baina berehala konturatuko gara terminoak aldatzen ditugula eta esanahiak, sarri, betikoak direla.
Historian zehar, eta Mendebaldeko gizarteari begiratuta, sexua/sexualitatea/erotika ardatz izan direnean, patologia edota bekatua beti egon dira oso gertu:
1950eko urteetan, bi pertsonaren arteko harreman erotikoa, ez bazen matrimonio barruan izaten, patologikoa edota bekatua zen.
60-70eko urteetan harremanek erotikoak, askeak eta gozagarriak izan behar zuten. Andreon eta gizonen erantzun sexualak, intimitatean elkartzerakoan, perfektua izan behar zuen. Ez bazen, patologiaren usaina zegoen.
70-80ko urteetan, genitalen bidez transmitituriko gaixotasunen agerraldiarekin, harreman erotikoari buruzko ardura ez zen jada gabezia, gehiegikeria baino.
Neurtu gura duten gehiegikerietako bat sexu adikzioa da. Termino hori aproposa den zehaztu gabe dago (adikzioa, konpultsibitatea, inpultsibitatea, obsesioa), baina komunikabideetan bolo-bolo dabil. Sexu adikzio terminoa ez da batere lagungarria, berez sortzen duelako, besteak beste:
Kanpoko epaile, kasu honetan psikiatria alorretik etorritakoa. Hark erabakiko du, erotikari dagokionez, zenbat den asko edota larregi. Berak ezarriko du, halaber, zer den osasungarria eta zer ez. Baita osasuntsu diren ereduak ere, garaia edo epailea aldatuz gero.
Dikotomia, alde batean andrea edo gizon adiktoak daude, eta beste aldean, ez direnak. Zuria edo beltza. Bizipenakmodu oso suntsitzailean arakatzen dira. Sexualitatea, sexua eta erotika continuum batean eraikitzen direnean. Kasu honetan grisetan edota beste hainbat koloretan.
Biktima bat, ezintasunaren eta erruduntasun sentimenduen artean murgilduta. Moralak ezarritako legeetatik at dagoena. Baina gizakiok badaukagu gure bizipenen lema, aberastu dezagun hori.
Atzoko «perbertituak» egungo «gaixoak».Sexua beti jopuntuan, patologiaren muinean. Sexologook badaukagu zer esanik.
Sexualitatea bizipen pertsonaletan datza, eta hortik ezin dugu inolako legerik atera besteen jarduera arautzeko. Bakoitzaren biografia aztertu behar dugu; andre eta gizon bakoitzaren ñabardurak, desioak, beldurrak, beharrak… Gure erotika-espektroa oso aberatsa eta askotarikoa delako.
Gure diziplina, sexologia, oso lagungarria da bakoitzaren sexualitatea eta erotika garatzeko eta ulertzeko. Emakume batek edo gizon batek arazoak baldin baditu bere sexualitatea eta erotikagura eta behar duen moduan bizitzeko, sexologiak lagunduko dio bere bizitzaren orriak ulertzen, eta baita hurrengoak gura duen moduan idazten. Sexua ez da tratatu beharreko arrisku bat, aberasten eta egituratzen gaituen balio bat baizik.
Osasuna. Sexologia
Sexua eta adikzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu