Komunikazioa. Ekografiak

Sinesgarritasunaz

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ernest Hemingwayk esaten zuen gaia ez zela garrantzizkoena, egiantzekotasuna zela kontuan hartu beharrekoa. «Konta ezazu nahi duzuna, baina gerta dadila sinesgarri. Horixe du baldintza literaturgintzak». Hala hasi zuen Hasier Etxeberriak iragan larunbateko Sautrela saioa. Sarrera bat zen. Aitzakia bat, denboraldiko azken emankizunari ekiteko, ekainaren hasieran, Literaturian elkartutako idazleetako batzuei euskal literaturan jorratzeke zein gai dagoen itauntzeko. Jarraian, Etxeko hautsa eleberriaren argitalpenaren harira, Anjel Lertxundiri egindako elkarrizketa eman zuten eta, bukatzeko, Eider Rodriguezen irakurketa laburra. Ohi bezala, hogeita bost edo, asko jota, hogeita sei minutuko saioa izan zen.

Denbora da, Sautrela saioarekiko aho zapore samina nagusitu zaidala. Neure buruan, iraupen luzeagoa zuela egingo nuke apustu. Astetik astera laburragoa egin izan zait, ordea. Isilpean, ordubetetik hiru ordu laurdenera joan dela. Hiru ordu laurdenetik, minutuak lapurtuz bezala, hogeita bost-hogeita seira. Desagertu gabe desagertzen ari oten den, horra sentipen sosegatu ezina.

Sentipena irudietara hedatu da. Literatura pisua izan baitaiteke, izatez. Hala bizi dut nik, neurri handi batean. Hala sumatzen dut literaturaren zaleengan eta literaturaren erraietan barneratuta dauden egile eta sustatzaileengan, nola etxean, hala etxetik kanpora. Emankor bihurtu nahi izatekotan, hogeita bost minutura mugatu ezin den eskaintza gisa ikusten dut. Tarte eskas horretan erreportajea, elkarrizketa eta irakurketa laburbiltzea, egoki laburbiltzea, jenialtasuna baino gehiago miraria iruditzen zait; betiere, osotasunaren lagin egokia eta lagin horren trataera duina eman nahi badira, hau da, denbora mugatzeak kalitatea mugatzen duela, saioa gidatzen duen lantaldea ataka estuegian jartzen duela, ikus-entzulea gozamenetik urruntzeraino. Delako erreportajeak berak, adierazpena baino mira sakonagoa eskatzen baitu. Gonbidatutako idazleak, bere azken lana, aurrekoak eta bere idazle izaera azaltzeko, espazio handiagoa behar baitu. Irakurketa ongi hautatuak ederregiak dira minutu bakarrera ebakitzeko.

Minutuak jatea erabakitzen duten horiek jakin behar lukete Hemingwayren hitzen berri, sinegarritasun apur bat izatekotan. Konta dezatela nahi dutena, ez diegu minuturik jango eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.