Aazken hamarkadetan Enkarterrin egindako ikerketa baten emaitza da Abellanedako Batzar Etxean (Sopuerta, Bizkaia) dagoen Enkarterriko museoak inauguratu duen erakusketa. Horma-pintura Enkarterrin. 1450-1950. Ahaztutako ondarea du izena. «Epe zabal horretan margotu diren horma irudien bilduma da. Erakusteaz aparte, mendez mende zer bilakaera izan duten azaltzen saiatu gara», laburbiltzen du erakusketaren edukia museoko Enara Arranzek. Datorren urteko ekainera bitarte egongo da ikusgai.
Helburua eskualdeak gordeta duen altxor hori ezagutaraztea dela dio. Eta bidenabar, mantentze eta lehengoratze lanak egin, gal ez daitezen. Hain zuzen ere,bost mende hauetan egindako horma irudi den-denak ez daude ikusgai, asko galdu egin direlako. Nagusienak edo garrantzitsuenak nabarmentzen ahalegindu dira. Oro har, argazki erakusketa bat da honako hau. Museoan ez daude horma irudiak. Duela urte batzuk erortzear zegoen eliza bateko horma irudia da bakarra. Labarietako Gurutze Santuaren elizakoa da (Sopuerta, Bizkaia),hain zuzen ere. Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek atera eta zaharberritzeko erabakia hartu zuten.
Zaharrenak 1450ekoak dira, Abantoko Santa Juliana elizakoak. XVI. mendeko lan batzuen argazkiak ere badira, baina gehienak XVIII. mendekoak dira kopuruz. XIX eta XX. mendeetakoak ere badira. Orotara, 14 eraikinetako horma irudiek osatzen dute erakusketa. Horietatik hiru baino ez dira eraikin zibilak.
Tokiaren araberako gaiak
Arranzen esanetan, helburu didaktiko eta estetikoa zuten irudi horiek. Horregatik agertu dira gehienbat tenpluetan. «Ez zuten erretaulak egiteko dirurik, eta merkeagoa zitzaien hormak margotzea», dio. Apaintzeaz gain, liburu santuetako pasarteak irudikatuz funtzio ebanjelizatzailea ere bazuten. Hala, abadeek elizkizunetan latinez kontatzen zietena, marrazki bidez ulertu ahal izaten zuten fededunek.
Jauregietan agertu diren horma irudiek, berriz, apaintzea baino ez dute helburu, eta horietan irudikatutakoak ez du zer ikusirik erlijioarekin. Ameriketara joandako euskaldunek, aberastutakoan Euskal Herrira itzuli eta eraiki zituzten etxeetan daude. Ohitura gaiak jorratzen zituztela dio Arranzek: pilota partidak, erromeriak, baserritar eta arrantzaleen lana.
Kalitate aldetik denetarik dagoela dio, baina asko maila onekoak direla nabarmendu du. Kasurako, Karrantzako San Andres Biañez eliza aipatu du. «Absidean Kristoren nekaldia eta San Joseren martiritza daude irudikatuda, goitik behera. Teknika aldetik oso maila bikainekoa da». Alonsotegiko elizan ere sabaia izaki, hegodunez beteta dagoela dio, oso ondo margotuta daudela. Irudien kalitatean tenpluaren garrantziak, garaiak eta diruak zer esana dute.
Azken hamarkadetan indianoen etxeetan egin diren irudien egilea ezagutzen da. Ez, ordea, aurreko mendeetan elizetan egin direnena. Askotan harginak izaten ziren irudiak egiteaz arduratzen zirenak, edo margolariak hargin lanak egin behar izaten zituen.
Jatorrizkoak elizetan daudenak baino ezin dira ikusi, jauregi horiek pribatuak direlako. Hala ere, Arranzek ohartarazi du elizetako asko erakusketan ageri diren baino hondatuago daudela. Horiek zaharberritzea da orain erronka.
Sixtoren euskal kapera
1450etik 1950era bitarte Enkarterriko eliza, baseliza eta jauregietako paretak edertzeko margotu ziren horma irudiak ikusgai daude Batzar Nagusien Abellanedako egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu