Gerizpean. Uda-pasa

Skate eta musikaren gaua

Willis Drummond eta Winston McAnuff and Bazbaz ariko dira bihar Miarritzen, seigarren Festilasai jaialdian

Willis Drummond taldea ariko da gaualdiaren lehen zatian. J. A. ARETA GOÑI.
Jenofa Berhokoirigoin.
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Skate eta musika uztartzen dituen Festilasai jaialdia iraganen da bihar, Miarritzeko (Lapurdi) skate gunean, gaztetxearen ondo-ondoan. Flat lehiaketarekin hasiko da gaualdia, 19:00etan, eta musika taldeek hartuko dute lekukoa 22:00etatik aitzina. Famaz handituz doan Willis Drummond Ipar Euskal Herriko taldea ariko da lehen partean. 2007an taldea osatu eta Anthology diskoa grabatu geroztik, oholtzaz oholtza ibili dira, eta egunez egun publikoa handitu zaie. Istanteak deitu laugarren diskoa kaleratu dute urte hasieran, eta Bidehuts disketxeak Mikel Laboaren omenez atera Txinaurriak diskoan ere parte hartu dute.

Reggae roots estiloarekin jarraituko du gaualdiak, Winston McAnuff and Bazbaz talde ospetsuarekin. 2005ean ziren McAnuuf eta Camille Bazbaz elkar ezagutu eta topatze horrek elektro, funk eta reggae nahasketari eman zion bizia. Drum and bass arloan ezaguna den Elisa do Brasil DJa ariko da gau bukaeran. Ez da lehen aldia Euskal Herrira datorrela, eta dudarik ez da bihar ere aitzinekoetan bezala giroa berotuko duela.

Talde ospetsuak eta merke

Musika «on eta ezaguna» Miarritzera ekarrarazi eta kontzertuak«merke» proposatzea da antolatzaileen erronka, Brice Morin Festilasai elkarteko lehendakariak azaltzen duenez. Gaztetxea eta skate gunea dira elkarte horretan baturik; seigarrena izanen dute aurtengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.