Hainbat alditan esan den bezala, Interneten eta informatikan zaila da Googlek eskua sartu gabeko eremuren bat aurkitzen. Izan ere, hiru dimentsioko modelatze aplikazioa ere eskaintzen du Interneteko erraldoiak: Google Sketch Up.
Google Sketch Up aplikazioak aukera ematen du eraikinak, etxeak, pertsonak, ibilgailuak eta hiru dimentsiotan marrazkilariak irudikatzen duen edozein irudi sortzeko. Googlek, gainera, hainbat egitura eta hiru dimentsioko hainbat objektu eskaintzen ditu. Horretaz gain, ehunka objektu bilatu eta deskargatu daitezke horretarako eskaintzen duen bilatzailetik.
SketchUp erraz erabiltzeko moduan diseinatu dute. Aplikazioak berak hainbat bideo eskaintzen ditu aplikazio horren bitartez modelatzen eta hiru dimentsioetan marrazten ikasteko.
Sketch Upen historia
Beste proiektu askorekin gertatu den bezala, Sketch Up hasieran ez zen Googleren aplikazio bat. @Last Software enpresa amerikarrak abiarazi zuen proiektua, 2000ko abuztuan. Googlek @Last Software enpresa erosi zuen 2006an, eta, beraz, Sketch Up aplikazioaren eskubideak ere eskuratu zituen. Egun, zortzigarren bertsioa dago eskuragarri.
Sistemaren betebeharrak
Googleren aplikazio asko hodeian daude; Internet aplikazioak dira, Google Docs, Google Calendar eta Google Maps bezala. Haatik, kasu honetan, Google SketchUp mahai gaineko aplikazio bat da. Oraingoz ez dute prestatu Ubuntu bezalako GNU/Linux sistemetarako bertsio bat. Wine-ren bitartez, hala ere, erabiltzaile batzuek lortu egin dute GNU/Linux sistemetan ibiltzea. Hemen zehazten da nola: http://wiki.winehq.org/GoogleSketchup. MS Windows 2000 Serverren ere ezin da exekutatu. Izan ere, MS Windows 2000 Serverren ez dauden programazio liburutegi batzuk erabiltzen ditu aplikazio honek. Ez dago, ordea, arazorik MS Windows XP SP2, MS Windows Vista, MS Windows 7 eta Mac Os X 10.5 eta Mac Os X 10.6 sistemetan erabiltzeko. SketchUpen azken bertsioa, zortzigarren bertsioa alegia, dagoeneko ez da bateragarria Mac Os X 10.4 bertsioarekin.
RAM memoriari dagokionez, 2GB edo gehiago gomendatzen du Googlek; baina, gutxienez aplikazioa kargatzeko, 1GB beharrezkoa da sistema eragile gehienetan, eta MS Windows XP SP2 sistemetan, 512 MB. 3D bideo txartela ere beharrezkoa da, eta txartel horren driverrak OpenGLrekin bateragarria izan behar du.
Nola eskuratu
Aplikazio hau dohainik eskuratu ahal daGoogleren webgunetik, lotura honetan: http://sketchup. google.com/download/index. html. Eta Google Sketch Up Pro bertsioaren demo bat deskargatzeko aukera agertuko da hor, baina hori ordainpeko bertsioa da, eta orduan debalde deskargatzen den bertsioa soilik zortzi orduz erabili ahal izango da mugarik gabe. Horren azpian, agertzen da doako bertsioa deskargatzeko lotura, horri sakatu, aukeratu sis- tema eragilea eta deskargatzen hasiko da. Ondoren, urratsei jarraitu, eta sisteman instalatuko da.
Erabilera
Arestian esan bezala, 3Dtan modelatzeko aplikazio bat izanda, Google Sketch Up erraz erabiltzeko modukoa izatea nahi izan dute eta hala da. Erabileran laguntzeko, aplikazioa lehenengoz abiarazten denean, erabiltzen ikasteko hainbat baliabide eskaintzen dira: bideo tutorialak, erabiltzeko aholkuak eta trukuak, laguntza gunea, laguntza gida eta blogaren lotura. Oso gomendagarria da baliabide horiek arakatzea aplikazioa erabiltzen hasi aurretik.
Aplikazioa erabiltzen hasteko, «Sketch Up erabiltzen hasi» botoia sakatu, eta diseinatzen hasteko txantiloia aukeratu behar da ondoren. Zenbait txantiloiren artean aukera daiteke: txantiloi sinplea, diseinu arkitektonikoa, Google Eartherako eredua, ingeniaritza eredua, zurgintza eta produktuen diseinua edo ikasteko eredua, adibidez.
Zibergela
Sketch Up: Googleren 3D diseinu aplikazioa
Google Sketch Up hiru dimentsiotan diseinatzeko eta modelatzeko aplikazio bat da, erraz erabiltzeko modukoa, eta dohainik eskura daiteke. Etxeak, pertsonak eta beste 3Dn irudikatzeko balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu