Komunikazioa. Irlen sarea

Software librea eta hezkuntza

gorka julio
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Arrazoi profesionalengatik, ikastaro bat eman dut software libreari eta Ubuntu GNU/Linux banaketari buruz. Ikastaroa Internet bidez ematen dugu, eta ikasleak lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak dira. Gehienek interes propioagatik jarraitzen dute ikastaroa, baina, aldi berean, Windows-en erabileratik harago gutxik dakite software librea zehazki zer den edo hori zertan balia daitekeen. Hala ere, gauza oso positiboak ikusten ari naiz.

Lehena: nahiz eta ikastaroa Internetez izan, beraiekin dudan harremana nahiko gertukoa da. Beraien artean ere eztabaidatzeneta elkar laguntzen dute. Bakoitzak bere egunerokotasunean duen denbora tarteak baliatuz egiten du. Egin beharreko lanak egiteko, informazio nahiko dago sarean; nire lana askotan hori erraztea bada ere, beraiek Interneten jada dagoen ezagutza aprobetxatuz espero ez ditudan emaitza interesgarriak ematea lortzen dute.

Bigarrena: software librea ezagutzen ez badute ere, horren filosofian interesa dute. Askok kostuari —dohainik ere izaten baita— erreparatzen diotelehenik, baina askori horrek suposatzen duen aukera berdintasunagatik gustatzen zaie. Beste batzuek, berriz, beren partekatzeko eta elkarlanean aritzeko filosofiak hezkuntzan egin dezakeen ekarpena nabarmentzen dute. Beste batzuek, hasieran zailtasunak ikusten badituzte ere, ondoren erraztasuna aipatzen dute. Hasierako zailtasunak onura moduan ere ikusten dituzte, esfortzu bat egitearen beharra zerbait lortu ahal izateko, alegia.

Azkenik, horietako askok ez dute ulertzen nola hezkuntza sisteman ez diren horrelako teknologiak erabili. Erakusten dituzten zailtasunak Windows ingurunetakoak bezalakoak izan badaitezke ere, onurak ere asko direlako. Horien artean, batzuek gogor kritikatzen dute orain arteko administrazioek jokatutako rola. Jendea software pribatiboan —askotan kostu bat duena— heziz, software hori lortzeko ordaindu edo pirateatzea bultzatzen ari direla sentitzen baitute.

Euskarazko softwarea izateko aukera bakarrenetakoa software librea erabili eta denon artean lokalizatzea —itzuli eta egoera konkretu batera egokitu— dela pentsatzen dugu askok. Hezkuntzan irakasleek beraiek behar edo nahi hori adierazten badute, gainera, zergatik ez denon artean apustu sendo bat egin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.