Soiltasun arrastoak

Nafarroako arte erromanikoaren bitxiak biltzen dituen gida bat kaleratu du Nafarroako Gobernuak

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Badira lan zibilak ere, baina erlijio artea da erromanikoa nagusiki: Jainkoarekin harremanetan jartzeko estetika bat. Kanpoan, apenas hutsunerik duten horma sendoak, eta barruan, iluntasuna. Soiltasunaren sinonimo kasik, geroko gotikoaren beira-leihoekin eta zerurako bidea egiten duten haren dorreekin kontrajarriz gero batez ere. Nafarroan daude Euskal Herriko eraikin erromaniko gehienak, eta haietariko batzuk ezagutarazteko gida bat kaleratu du orain Nafarroako Gobernuak: Bienes de interés cultural de navarra, románico (Nafarroako kultur intereseko ondarea, erromanikoa).

Erdi Aroko lehen estetika bateratua dela esan ohi dute adituek. Erromaniko aurrean handia zen ordena monastiko bakoitzaren indarra, baina X. mende inguruan beneditarren eredua joan zen indartzen, baita pixkanaka-pixkanaka hedatzen ere. Kristau kultuaren bateratzearekin batera doa arte eskolaren bateratzea ere, beraz. Ez zen hautu artistiko baten kontua, ordea, praktikotasun kontua baizik. Egun erromanikoa deitzen dugun estiloko eraikinak egiten zituztenek ez zuten eskola horren parte izatearen kontzientziarik, baina Europa osoa hartzen duten ildo batzuk badaude. Pareta sendoak, atarien dekorazio elementuak, kanoi erdiko gangak eta horma-pinturaren erabilera. Horiek besteak beste. Izan ere, erromanikoa ez zen arte estatiko bat, eta izan zuen garapenik mendeak joan eta mendeak etorri, eta Nafarroa ere bada aldaketa horien lekuko.

Erromesek ere izan zuten eraginik. Izan ere, IX. mendetik aurrera indartu egin zen Erromara eta Santiagora erromesaldiak egiteko ohitura, eta santu erlikien gurtzea ere bai. Bide horien inguruan eta zenbait leku estrategikotan daude horregatik eraikin erromaniko gehienak. Lagundu egin zion horrek estiloaren nazioartekotzeari, Nafarroako Gobernuaren gidan azaltzen denez. XI. eta XIII. mendeen artean izan zuen garapenik handiena. Pixkanaka gotikorantz jo zuen gero.

Donejakue bidearen ardatzaren inguruan daude Euskal herrian tenplu erromaniko gehienak, eta Nafarroakoa da adibiderik nabarmenena. Bertan dira arte estilo honetako lanik gehienak, eta nahikoa da eraikinok mapan duten kokapenari begiratua ematea bideak izan zuen eraginaz ohartzeko. Izan ere, bi bide garrantzitsu pasatzen dira lurralde honetatik, Aragoitik datorrena eta Orreagatik heltzen dena, eta haietatik hurbil daude eraikin nagusiak. Adituen hitzetan, ordea, egia da bideak izan zuela eraginik erromanikoaren hedapenean, baina ez zen faktore bakarra izan.

Lan kolektiboa zen nagusiki elizak eraiki, eskulturak egin eta hormak margotzea orduan, eskulangile taldeen zeregina. Badaude sinatutako lanak ere, ordea. Nafarroan Petrus harginarena da adibide horietariko bat. Orain gutxi arte Gergetiaingo elizan baino ez zuten ikusia haren sinadura, baina Besolla, Sengaritz, Leotz, Oibar, Eusa eta Naxurietako elizetan ere aurkitu dute haren arrastoa: «Petrus me fecit» (Petrusek egin ninduen). Galiziaraino heltzen da haren eskua, halere. Bidea zen, izan ere, eskulangile haien eskola eta lantoki nagusia.

Bitxiak eta salbuespenak

Bost ataletan banatu dute erromanikoari eskainitako gida. Katedralak hartzen ditu lehen atalak, elizak bigarrenak, monasterioak hirugarrenak, ermitak laugarrenak eta arkitektura zibila azkenak. Harribitxirik ez da falta alor horietariko bakoitzean. Tuterako katedraleko atari ikusgarria; Zangozako Santa Maria elizako aurrealdeko eskultura lan aberatsa; Garesko Santiago elizako ateko apaingarriak; Aralarko San Miguel santutegiko erretaula, zeina Europako garai hartako esmalte lanik esanguratsuenetariko bat den; Leireko monasterioko kripta...

Gurutze latindarra dute eraikin horietako gehienek. Hori izaten zen ohikoena, baina badira salbuespenak ere. Eunateko Santa Maria ermitakoa da horietariko bat, Muruzabal herrian. Harribitxi bat da. XII. mendearen bigarren erdialdean eraiki zuten, eta haren planoak ez du gurutze formarik; oktogonala da haren egitura, arte musulmanaren ukitua du barruko kupulak eta arkuz inguratuta dago kanpoaldean. Eztabaidagaia da oraindik, ordea, arku horien eraikuntza urtea.

Erlijioari lotutako artea izanik, eliza, monasterio, ermita eta katedralak dira nagusi Nafarroako Gobernuak prestaturiko gidan, baina badaude bestelakoak ere. Kopuruz gutxiago izan arren, bada arkitektura zibil erromanikorik ere. Arellanon, esaterako, XII. mendeko dorre bat dago, oinarri karratukoa, eta Iratxetan, aletegi erromaniko bat ere badago. Lizarran, berriz, ezaguna da Errege-erreginen jauregia. Ederra da kanpotik eraikina, eta Gustavo Maeztu margolariari eskainitako museoa dago barruan. Kapiteletako batzuetan Errolan eta Ferragut-en arteko borrokaldia irudikatzen dute erliebeetako giza figurek.

Arkitektura zibilaren kasuan, halere, Garesko zubia da alerik ezagun eta ikusgarrienetariko bat. Oinpean hartzeko moduko erromanikoa.

Gidak informazio praktikoa ere eskaintzen die bisitariei: eraikinen kokapena, lekuan lekuko turismo bulegoen telefonoak eta informazio gehiago bildu ahala izateko webguneak, baita eraikin bakoitzaren berrikuntza lanei buruzko zehaztapenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.