Eguraldi ona egiten duenean, paseatzera joaten dira Etxarri Aranazko (Nafarroa) mintzapraktika saioetan parte hartzen duten taldekoak. Paisaia zoragarriez gozatuz hitz egiten dute Uxue Santxok, Dola Urkijok, Pedro Gonzalezek eta Marta Igoak. Eguraldi txarra eginez gero, kafe baten laguntzarekin tabernan ekiten diote solasaldiari.
Lau kideei komeni zaien ordutegian batzartzen dira ostiralero, 15:30ean, ordubetez euskaraz solas egiteko. Kafearen orduan gelditzen dira, Urkijok arratsaldean denda irekitzera joan behar baitu.
Gabonetan hasi zen Dolo Urkijo mintzapraktika saioan parte hartzen, euskaltegiko irakasleak animaturik. «Nire hizkuntza delako ikasi nahi dut», esan du egitasmoan parte hartzera bultzatu duen arrazoiei buruz galdetzean. Haren ama eta amonak euskaraz egiten zuten, baina urte askoan eskolan eta kalean gaztelania hutsean aritu ostean, hizkuntza galdu egin zuen, eta orain berreskuratzeko gogo biziz dago. Dendan euskaraz egiten diotenean urduri erantzuten du, eta segurtasuna hartzeko asmoarekin biltzen da ostiralero mintzakideekin.
Zuñigan (Nafarroa) jaio zen Pedro Gonzalez, baina Etxarri Aranatzen bizi da. Etxarriaranaztarrak euskaraz bizi, eta haiekin hitz egiteko orduan gaztelaniara jo beharrak ezinegona sortzen zion, eta euskara ikasteari ekin zion. Lehenengo urtez dabil mintzalagunen egitasmoan. Haren alabek euskaraz egiten dute, baina aitarekin hitz egiteko pazientziarik ez dutela aitortu du Gonzalezek. Mintzapraktika saioek euskaraz lasai trebatzeko abagunea eskaintzen diote, eta «oso pozik» biltzen da ostiralero solaskideekin.
Aditzek buruhauste asko ekartzen dizkietela aitortu dute Urkijok eta Gonzalezek. «Badakigunola esan behar diren, baina ondoren ahaztu egiten zaizkigu». Mintzapraktika saioekin euskara maila asko hobetu dutela adierazi dute, euskaldun zaharrekin mintzatzea lagungarria baitzaie bai ulergarritasuna bai ahozkotasuna lantzeko.
Sen onak eskatuta
Uxue Santxo taldeko euskaldun zaharra eta euskaltegiko irakaslea da. Iaz hartu zuen parte lehenengoz egitasmoan, Etxarri Aranazko euskalkia ikasteko helburuarekin.
Oso gustura aritzen da Santxo haren mintzalagun euskaldun berriekin. «Gogoz egiten dut. Euskara kultura ondarea da, eta pozgarria da jendea ikasten ikustea. Euskal Herrian normalizazioa lortze aldera militantzia beharrezkoa da; sen onak hala eskatzen du», adierazi du.
Mintzapraktika saioetan gramatika albo batera uzten dela gogorarazi du: «Hizkuntzarekin gozatzeko uneak dira, jendeak euskaraz hitz egiteko zaletasuna har dezan. Txipa aldatu eta euskaraz pentsatzeko aukera eskaintzen du».
Mintzapraktika saioak euskaraz mintzatzeko ohitura hartzeko eta askatzeko guztiz baliagarriak dira, Uxue Santxoren aburuz. «Mintzapraktikak izugarri laguntzen du. Talde txikitan, giro lasai eta atseginean, jendea askatu egiten da, eta hitz egiteko beldurra galtzen du. Euskaraz aritzen dira ia nahi gabe. Zure moduko jendearekin elkartzen zara, berdin dio mintzakideen arteko maila desberdina den edo ez».
Solasaldiaren paseoa
Kaferako garaian herriko plazan biltzen da ostiralero Etxarri Aranazko mintzakide taldea, giro lasaia lagun euskaraz trebatzeko. Ahozkotasuna eta ulergarritasuna lantzeko abagunea eskaintzen diote solasaldiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu