Maratila
Soldadua
Hendaiako su hiltzaileen kasernaren beheititik banoa. Arbolen hostoen kolore beroak. Horiak, gorrantzak, horailak, pinudien berdeak nahasiak. Joanak azken egunetako euri zurrustak. Haize zirimolak. Oroit harri gorri monumentalaren aitzinean: «1914. Aux héros hendayais de la grande guerre.1918.» Brontze berdezko Pietà: soldadu hila Frantzia Amaren altzoan. Fusilean eskua betikoz tinkatua. Txingudiko legar mingainetan zori zuriak eta itsas-bele ilunak batzarrean. Airea ezti. Giroa baketsu. Plaiako auzoa igande goizez. Epsilon kafeko terrazan jendea eguzkia hartzen. Kafea jastatzen ari. Uda balitz bezala. Gibelera itzultzen naiz gero itsas bazterretik, legar hezea bilatuz. Zoriak ja airatuak Txingudin. De Gaulle Gal hiribidean Antxeta Irratiko bitrina bere afixekin: «Forum Citoyen-Herritar Foroa... Nucléaire STOP... Eta bihar nori? Damoklesen ezpatarik ez geure buruen gainean!» Etxeen lerroa. Kartel handi batek dio «A été vendu CENTURY 21... ». Eskuinetik, De Gaulle Generalaren hiribidea noiztenka perpendikularki mozten dute karrika hertsiagoek. Caneta porturantz doazen karriken muturrean Txingudiko ur bluak ikus daitezke urrunean. De Gaulle Gal hiribidean goiti noa : Maitena kafea, Palais de Cristal, Portuko karrika. Entrepuentes-Zubietan egoitza ikaragarrien itzalak. Balkoi batean espainiar jendeari zuzentzen zaion afixa haizeak erdi itzulia du. Halere, emazte baten argazkia ikus daiteke eta legendaren zati bat Oh la, la la… Visita nuestro… Bankuak. Denda berri batean urrea erosten diote: «Achat d'or, ici cotation maximale!». Behereko zubitik eskuin hartuz fronterara heltzen da. Trenbidea. Burdinezko sareen gurutzaketak. Burdinazko oihana. Eskuinetik, zerumugan, Jaizkibel bizkarra garbi. Hondarribiko eliza. Denda baten bitrinan zakur bat lo. Fronterarantz noa beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu