Akelarreetan murgildutako sorginaren irudia apurtu da. Animalietan berraragitzea, deabruarekin harremanetan egotea, edabeak egitea edota erratzen gainean hegan egitea garai hartako errealitatetik asko urruntzen ziren gertaerak dira. Inkisizioak XVII. mendean Zugarramurdiko eta Urdazubiko sorginen aurka ireki zuen prozesuan faltsukeria asko egon zen. Elizak sorginaren gezurrezko aurpegi bat eraiki zuen, eta gaur egun, oraindik ere, ondare horren menpe dago gizartea sarritan.
Hori da Jose Dueso idazleak Historia y leyenda de las brujas de zugarramurdi. De los akelarres navarros a las hogueras riojanas liburuan lantzen duen tesia. Liburuan, akelarreen existentzia ukatzen du, baita sorginaren ohiko irudia ere, Inkisizioaren asmakuntza izan zela arrazoituz. Hau da, sorginen mitoa hautsi du.
Horretarako, Urdazubi eta Zugarramurdi herrietan 1610. urtean izan zen sorgin ehiza hartu du abiapuntu. Logroñon (Errioxa, Espainia) 11 pertsona zigortu zituzten sutan erretzera, eta horietako sei iritsi ziren soilik Inkisizioaren sugarretara. Beste bostek kartzelan galdu zuten bizia zigortuak izan baino lehen. «Urdazubiko monasterioak zuen boterea erakutsi nahi izan zuen sorginen ehizaren bidez», adierazi du Dueso idazleak.
Aurrekariak
Inkisizioak 300 pertsona inguru susmopean jarri zituen Zugarramurdin, Urdazubin eta Baztanen. Deabruarekin harremanak izatea leporatuta, 11 izan ziren heriotza zigorra jaso zutenak, ordea. Zugarramurdin eta Urdazubin izan zen sorgin ehiza Iberiar penintsulako azkena izan zen. Prozesu horretan gertatutakoaren ondoren sortu zen sorginen mitoa. Elizak hasi zuen elur bola gero eta handiagoa egin da gaur egunera arte. Hori da azken finean Jose Dueso idazleak zabaldu nahi izan duena.
Garai hartako emakume horien aurka jotzeko erabili zen Elizak asmatutako iruzurra. Sutan erre zituztenak guztiz errugabeak ziren, Duesoren ustez, eta, gainera, Inkisizioko kide askok errugabetasun horren berri zuten. Beldurraren poderioz, gizon-emakume errugabeek Elizak entzun nahi zuena adierazi zuten.
Sorginen ehizaren atzean interes soziopolitiko garrantzitsuak zeudela aipatu du Duesok. Nafarroara iritsi baino lehenago, Inkisizioa Iparraldean ezarrita zegoen Pierre de Lancre inkisidorearen gidaritzapean. Hazparnen, Azkainen, Bastidan, Donibane Lohizunen, Saran, Itsasun eta Miarritzen egin zituzten, besteak beste, itaunketak. Galdeketak amaitu zituztenean, 60 pertsona sutan erretzera zigortu zituzten. Ustezko Sarako sorginek aitortu zuten Larrun mendian eta Urdazubin akelarreak egiten zituztela. Horrela, auzipetutako 60 herritarretatik hiru apaizak izan ziren. Duesoren arabera, prozesu horren ondoren sorgin ehiza Nafarroara bideratu zen. Antza denez, Lancre inkisidorea itaunketak egin ondoren ez zen sobera gustura gelditu, eta 3.000 pertsona inguru jarri zituen susmopean.
Hala ere, Urdazubira eta Zugarramurdira geroago iritsi zen sorgin ehiza. Maria Ximilidegi neska gazte bat zen, eta 1608an Ziburuko ondoko herrixka batera joan zen lan egitera. Zugarramurdira itzuli zenean, herritarrei sorgina izan zela kontatu zien, baina damututa zegoela eta berriz ere kristau bihurtu nahi zuela onartu zuen. Maria Ximilidegik kontatutakoa herrian jakin zenean, iskanbila izugarria sortu zen, eta Eliza barrutira iritsi zen.
Gainera, Ximilidegik onartu zuen Zugarramurdiko akelarreetan parte hartu zuela, eta bilera horretan zeudenen izenak ezagutarazi zituen.
Salaketa ugari egon ziren herrian, baina ospetsuena Maria Iurrutegia emakumearena izan zen. Salatutako gehienek Elizan barkamena eskatu behar izan zuten, eta sorginak izan zirela aitortu zuten, nahiz eta egia ez izan. Hala ere, ordurako berandu zen, eta Urdazubiko abadeak gertatutakoaren berri eman zion Inkisizioari. 1609ko urtarrilean, Aranoko Juan Manterola inkisidorea eta bere notarioa sorginen gaineko txostena egitera joan ziren Zugarramurdira. Hasiera batean, Ximilidegik salatutako emakumeetatik lau itaundu zituzten: Estevania Nabarkorena, Maria Perez Barrenetxea, Juana Telletxea eta Maria Iurrutegi. Urtarrilaren 27an zuzenean kartzelara eraman zituzten atxilotuak, eta torturak jasango zituzten beldurrez, adierazpenak berretsi zituzten. Sorginak zirela adierazi zuten zigorra saihesteko asmoz.
1610eko autofedea
Hasierako lau atxiloketak egin eta gero, askoz ere jende gehiago sartu zuten prozesuaren barnean. 31 pertsona auzipetu zituzten, zuzenean edo zeharka deabruarekin harremanetan egoteagatik. Zugarramurdiko atxiloketez gain, Urdazubiko, Berako, Lesakako, Etxalarko, Igantziko eta Errenteriako pertsonak auzipetu zituzten. Osotara, susmopean 300 pertsona inguru egon ziren, umeak alde batera utzita. Gainera, mila pertsonek parte hartu zuten itaunketetan.
Auzipetuak Logroñora eraman zituzten, inkisizio epaitegiaren aurrean sententzia jasotzeko. Hiru inkisidorek osatu zuten epaimahaia. Duesok dioenez, auzipetuek ez zuten tortura fisikorik jaso, baina mehatxatuak izan ziren, eta, horren ondorioz, adierazpenetan errealitatetik at geratzen ziren hainbat gauza adierazi zituzten.
Logroñoko inkisizio epaitegiak sententzian satanekin harremanetan zegoen sektaren existentzia egiaztatu zuen, eta deabruaren gidaritzapean zegoela adierazi zuen. Horrez gainera, Inkisizioaren ustez, deabruak adinekoen eskuetan uzten zuen maisu papera gazteenek ikas zezaten. Sententzian, akelarreetan elkartzen zirela adierazi zen, eta bi eratara joan ohi zirela zioten, oinez ala hegan egiten. Zalantzarik gabe, akelarreetako protagonista akerra zen, hura baitzen deabruan berraragitzen zen animalia. Aldi berean, zapoek ere garrantzi handia hartu zuten, ustezko sorginekin eten gabe harremanetan zeudelako. Errealitatetik at zeuden susmoen zerrenda amaiezina bilakatu zen sententzia emateko orduan.
Duesok dioenez, normalean sutara zigortutakoak Logroño kanpoaldean erretzen zituzten, Ebro ondoan. Inkisizioaren dokumentu batzuetan oinarrituta, Duesok uste du Zugarramurdiko 11 auzipetuak katedraleko plazan erre zituztela. Zugarramurdiko eta Urdazubiko sei pertsona sutan erre zituzten Logroñon 1610eko autofedean. Gelditzen ziren beste bost pertsonak prozesuak iraun zuen bi urteetan hil ziren kartzelan. Hala ere, bost gorpuen hezurrak sutan erre zituzten.
«Azpimarratu beharra dago, Inkisizioko kide batzuek bazekitela erretako pertsonak errugabeak zirela», adierazi du Dueso idazleak. Logroñoko auziaren ondoren, gainera, Inkisizioko Alonso Salazar y Friasek sorginen errugabetasuna onartu zuen. Frias inkisidoreak Logroñoko autofedearen ondoren, txostena idatzi zuen. Bi urtez, Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubi aldean itaunketak egiten aritu zen, eta ez zuen taxuzko ezer antzeman galdeketetan. Haren txostenetan sutan erretako 11 lagunen errugabetasuna agerian geratzen da.
Urteurrena
Aurtengo azaroan 400 urte beteko dira sorginak erre zituztela. Makina bat ekitaldi antolatu da duela lau mende hainbeste sufrimendu pairatu zutenen omenez. Kontzertuak, ikastaroak, hitzaldiak eta bisita gidatuak prestatu dituzte Zugarramurdin urte osorako. Gainera, Logroñoren eta Zugarramurdiren arteko senidetasun eguna egin zen martxoan, etorkizunean ekitaldi bat baino gehiago bihurtzeko asmoz.
Akelarreak. Inkisizioaren dokumentuetan oinarrituz, sorginek deabruarekin egiten zituzten bilerak ziren. Teoria zabalduenaren arabera, akelarre hitzak berez akerraren larrea esan nahi du, bilera horietan protagonista nagusia animalia hori zelako. Beste teoria baten arabera, berriz, alkelarre izenarekin ere ezagutzen zen bilera. Alka basoko belarra jaiotzen zen larreari erreferentzia egiten baitzion.
Deabruaren semeak. Katalina Portokoak egindako adierazpenen arabera, deabruarekin harreman sexualak izan ondoren, lau haurdunaldi eduki zituen. Lehen haurdunaldiak bi hilabete iraun zuen, eta hiru zapo izan zituen erditzerakoan. Bigarren haurdunaldiak hiru hilabete iraun zuen, eta beste bi zapo izan zituen, eta azken bietan zapo bana eduki zuen.
Zapo ukendua. Sorginen inguruan aipatu ziren hamaika gehiegikerik indarra hartu zuten fantasiari lekua emanez, eta zapoekin horixe gertatu zen. Inkisizioak zioenez, sorginak zapoen okatzarrarekin igurzten zuten gorputza akelarreetara joan baino lehenago, oinez ala hegan egiten joateko.
EZARIAN. SORGINKERIA ZUGARRAMURDIN
Sorginen mitoa hautsi da
Jose Dueso idazleak Zugarramurdiko sorginei buruzko ikerketa bat kaleratu du, eta akelarreen existentzia ukatu du Elizaren iruzurra dela argudiatuz. 1610ean, Logroñoko autofedean, 11 pertsona erre zituzten sutan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu