Sormen industrien nazioarteko topalekua hasi dute Bilbon

Creativity Meeting Point topalekuan, esperientzia berritzaileez arituko dira enpresak

Erredakzioa
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Sormenak hartuko du Bilbo egun hauetan. Hiru egunez, nazioartetik etorritako zenbait enpresa industria arloan izandako esperientzia berritzaileez arituko dira. Atzo ireki zuten ofizialki Creativity Meeting Point, eta, bihar arte, robotikari, kulturaren ekonomiari, markaren diseinu eta nortasunari eta beste gai batzuei buruzko hitzaldi eta jarduerak izango dira Bilboko Itsas Museoan. Creativity Zentrum irabazi asmorik gabeko elkarteak antolatu du topalekua, laugarrenez. Sormen industriak bultzatu eta sustatzeko lan egiten du elkarteak.

Robotikaren txanda izan zen atzo, eta hitzaldi hauek izan ziren: Fiorella Operto Italiako Robotikako Ikerkuntza, Ezagutza eta Ulermenerako Sustapeneko Batzorde Nazionaleko kidearena; Emmanuele Micheli SchoolNetwork Robot elkarteko arduradunarena; eta Kevin Warwik Ingalaterrako Reading Unibertsitateko Zibernetikako irakaslearena.

Kulturaren ekonomia hizpide

Kulturaren ekonomiaren txanda izango da gaur. Pier Luigi Sacco Milango Unibertsitateko Arte, Merkatu eta Ondarearen Fakultateko dekano eta Kulturaren Ekonomian katedradunak hitzaldi bat emango du. Kultur arloan aritzen diren industriek ekonomian duten eraginari buruz jardungo du Saccok. Bestalde, Sara Freitas Serious Games Instituteko ikerkuntza zuzendariak eta Jurrian van Rijswijk Game Entertainment Europe eta Games Factory Onlineren sortzaileak Serious Games berritzaileei buruz jardungo dute. Bideo joko horiek aisiaz harago doaz, eta medikuntza, hezkuntza eta komunikazio arloetan aplikatu dira.

Bihar izango da topalekuaren azken eguna, eta begirada guztiak Erresuma Batuan jarriak izango dira. Herrialde horretako BPGaren %6 da sormen eta kultur industria. Sofia Bustamante London Creative Labsen ordezkaria izango da ekitaldian. Horrez gain, Bizkaiko sormen industrien ordezkariek mahai inguru bat egingo dute haien egoera, bilakaera eta etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.