1912ko galernaren oihartzunak eta ondorio latzak gaur egunera arte irauten du Bizkaiko kostako herrietan. Han desagertutako 143 pertsonak urtero ekartzen dituzte gogora Bermeon eta Lekeition, eta, aurten, mendeurrena izaki, ekitaldi bereziak antolatu dituzte urteurren borobila dela eta. Esaterako,Bizkaiko Foru Aldundiak, Gernikako Arrantzaleen Museoarekin elkarlanean erakusketa jarri dute irailaren 30era arte. Galerna 1912-2012 izenpean osatu duten erakusketan, garai hartako testuinguruan jartzen dute ikuslea. Besteak beste, garai hartako ontziak nolakoak ziren, eta nola bizi zen orduko gizartean. Eta ondoren, galernaren inguruko xehetasunak eta ondorioak erakusten dituzte, «gertaera hari buruzko kontakizuna egiten saiatu gara», Aingeru Astui museoko zuzendariaren esanetan. Han biltzen den informazioa liburuxka batean ere argitaratu dute museoak eta diputazioak.
Mendeurrenaren harira, bestalde, ikus-entzuneko bi lan egin dituzte galernaren inguruan. Jabi Elortegi bermeotarrak Galerna, ekaitz ezezaguna dokumentala zuzendu du, batetik, eta Alberto Bilbaok, bestetik, Bermeo 1912 film laburra egin du. Azken hori, gaur bertan aurkeztuko dute, eta 20:30ean emango dute Nestor Basterretxea aretoan. Elortegiren lanaren aurrerapena, berriz, bihar 19:00etan ikusi ahal izango da leku berean.
Baina erakusketa eta ikus-entzunezkoez gain, beste alor batzuetako sortzaileek ere euren ekarpena egin nahi izan dute. Hala, Autopoetika izeneko artelana emango dute itsasoan, gaur eta bihar, 21:30ean. Eta gaurkoa amaitu ostean, 1912ko galarrena izeneko herri antzerki musikala egingo dute bermeotarrek urtero legez. Horretaz gain, bihar 21:30ean itsas prozesio isila egingo da Bermeoko portutik Bokalera.
Lekeitioko herriak ere omenduko ditu duela mende bat hil ziren marinelak. Bihar eguerdian kanpaiak, sirenak, adarrak eta deitzekoek duela 100 urteko ezbeharrean kokatuko ditu herritarrak. Aurreskua dantzatuko da galdutakoen omenez, eta kantu eta lore eskaintza ere egingo da. Azkenik, hildakoen oroimenez, plaka bat ipiniko dute Lekeitioko Talan.
Sormena, marinelak omentzeko
Mendeurrena dela eta, bi ikus-entzunezko, arte emanaldia itsasoan, eta antzerkia egingo dute Bermeon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu