Krisi ekonomikoa gaina hartuta dabilen honetan, eskaintza bitxiak topa daitezke. Bost eurotan kilogramo bat liburu lor daiteke Nicolas Ocio egilearen postuan, eta hamar euroren truke Victor Cavacoren filmeko produktore exekutibo izan daiteke. Horiexek dira bi zuzendari horiek euren filmak egin ahal izateko ezarritako prezioak.
Erakunde publiko eta bankuek lokarria estutu zutenetik, sormen mundua geroz eta egoera maldatsuagoan dago. Geroz eta abilezia gehiago behar da sormenari bide emateko. Errealitate horri irteera eman nahian, artista, zuzendari eta musikari hainbatek beste bide batzuetan aurkitzen dute irtenbidea euren lanak kaleratu ahal izateko. Crowdfunding metodoa da azken aldian indarra hartzen ari den autofinantzaketarako ereduetako bat. Ohiko bideetatik aukerarik ikusten ez denean, erakundeei muzin eginaz ere lor daiteke emaitzarik.
Dirua biltzeko modu horrek inbertsore txikiak sortzen ditu. Sos batzuen truke, film edo diskoetan edozein izan daiteke produktore. Internet da gisa horretako sareak sortzeko biderik ohikoena. Horrela, egindako inbertsioaren araberako irabaziak jaso ohi ditu diru eskaintza egin duenak. Ale txiki bat ipiniz, lan ikusgarri ugari ari da kaleratzen azken aldian.
1980ko hamarkadan, Ingalaterrako rock musika talde bat izan zen crowfunding-aren aitzindaria. Zinemagintzan, berriz, 2004. urtea da hasierako data. Guyom Korporazioak, finantzaketa metodo horren bitartez, hiru asteren buruan 50 milioi dolar biltzea lortu zuen.
Euskal Herrian ere geroz eta gehiago dira euren diskoak norberaren lanaren irabaziekin egiten dituzten taldeak, eta badira autofinantzaketaren bidez ekoizten direnak ere. Iturriak ixten direnean, beste ur emari bat aurkitu behar izaten da bizirik irauteko.
Hamabi minutuko lana
Nicolas Ociok bost urte daramatza herri, kale eta unibertsitate hainbatetan bigarren eskuko liburuak saltzen. Bost euroren trukean, kilogramo bat liburu eskura dezake erosleak. Autofinantzaketaren bidez bere lehen filmagrabatzea lortu du.
Historia eta Geografia lizentziaduna da Ocio, eta artista horrek aspalditik zuen film labur baterako gidoia idatzia. Paperekoa ikus-entzunezko euskarrira pasatzeko, ordea, dirua behar zuen. Eusko Jaurlaritzan, Foru Aldundian, herriko udaletxean eta lehiaketetan lana aurkeztu bazuen ere, inork ez zuen egia bihurtzeko moduko proiektu gisa ikusi. Ociok, ordea, argi zuen hasieratik bere lana «zurruna, iluna, konplexua eta abstraktua» zela baina «egia bihurtu beharreko proiektua» ere bazela.
Grabaketa lanak egin berri dituen hamabi minutuko film laburrean, 1950eko hamarkadan girotutako Gasteiz ikus daiteke zuri-beltzean,Txema Blasco eta Carmen San Esteban aktore lanetan direla. «Oso gustura» geratu dalanarekin. Erakundeen laguntzarik gabe ere, lagun eta ingurukoen bultzadarekin bildutako sei mila liburu saltzea lortu du errealizadoreak, eta, horrez gain, Mendizabala Irudi eta Soinu eskolakoen laguntza izan du grabaketak iraun duenbitartean. Garaia girotzeko, berriz, Araba Classic Club eta Film Office Vitorianak ere eman dute laguntza. «Produkzio lanak egiteko adina diru lortu dut, baina orain produkzio osterako eta muntaia egin ahal izateko jarraituko dut liburuak saltzen. Kultura salduz kultura lantzea lortu dut; birziklakultura egitea izan da nire hautua».
Hamar eurotan produktore
Jendeak web orrialde jakinetan diru laguntzak emanez, hainbat lan hasteko aukera dago. Esaterako, Victor Cavaco zuzendari lanetan eta Javier Cifrian, Gorka Aginagalde eta Pablo Puyol aktore lanetan ariko dira film batean, metodo horri esker. www.queremoshacerunapeli.com webgunean klik eginez gero, hamar eurotik gorako diru kantitatea emanez, Antes de morir film laburreko inbertsore egiteko aukera dago. Trukean, grabazioetara bisitak, filmeko pasarteren batean agertzeko aukera eta filma bukatzean jarritako diru kopuruaren araberako ordaina jasotzeko eskubidea dago.
«Urtebetez ate-joka ibili ostean, autofinantzaketara jo behar izan dugu; gustura gaude, jasotzen ari garen erantzuna oso ona baita. 6.500 euro behar ditugu filma ekoizteko; beraz, asko dugu egiteko», dio Jose Luis Chavez produktoreak. Zinema munduan krisiak beste zenbait eremutan baino eragin handiagoa izan duela dio Chavezek. «Gure proiektua aurrera eramateko laguntzarik ez genuenez, ahalik eta jende gehien erakartzen saiatu gara, eta egitasmoa oso arrakastatsua ari da izaten».
Sormenerako ate berriak
Film eta musika lanak sortzeko, geroz eta zailtasun gehiago izaten da finantzaketa lortzeko. 'Crowdfunding' metodoarekin, zenbait artistaren obra errealitate bihurtzen hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu