Maratila

Spanish Culinary Center

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Joan den astean, Basque Culinary Center ospetsuaren izen ingelesaren harira, honako hau zioen Anjel Lertxundik: «Nago ez ote gaituzten Basque Tontoland Center izeneko hiritarrak egin nahi…».

Nire ustez, Tontoland-eko hiritartzat baino gehiago, tontotzat gauzkate jada.

Hirurehundik gora ziren 8.000 euroko matrikula ordaintzeko prest zeudenak, baina kalitatea bermatze aldera, soilik berrogeita hamasei ikaslerentzako tokia zegoen. No problem. Aukeraketa bat egingo dugu hautagaien artean. Eta hautatzeko irizpideak? Erantzuna Alex Beitiak eman zigun, BCCko zuzendari akademikoak: lehenik hizkuntza nibela begiratu dugu, bai ingelesekoa bai espainolekoa (sic).

No problem. Ningun problema.

Beraz, atzerritik etorritako ikasleei espainola exijituko zaie. Eta bertakoei, ingelesa. Eta euskara? Ohorezko toki bat utziko diogu gatzontziaren ondoan.

Tontotzat gauzkate eta ez da harritzekoa. Hamaika aldiz esan digute, eta, hala ere, ez dugu ikasten. Euskara ondo dago baina gure ikasleek benetan behar dutena ez da euskara, ez bada ingelesa. Eta Osakidetzarako balio duenak jatetxeetarako ere balio du. Ez du axolarik sukaldariak zein hizkuntzatan hitz egiten duen, kontua babarrunak puntu-puntuan egotea da.

Spanish Culinary Center izen egokiagoa zatekeen, baiki, baina Basque jarri diote, ezagun baita limoizko goxoki bat nahikoa dela haur txikiari ziria sartzeko.

Guri, euskal hiztun tontooi, bonboi bat prestatu digute.

Trufazkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.