Ezarian. Zientzia

Suak argitutako bidea

Hominidoek duela 400.000 urte inguru menderatu zuten sua, berriki kaleratutako ikerketa baten arabera, adituek uste baino askoz beranduago. Europako eta Asiako eremu hotzetan ezinbestekoa izan zen sua irauteko.

Suak sortzen dituen distira koloretsuen dantzak antzinatasuna dakar burura, misterioa eta xarma. RUBY-BLOGSPOT.
xabier martin
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Surik gabe ez gara. Ez, behintzat, garen modukoak. Suak mugarria jarri zuen hominidoen kate ebolutiboan duela ehunka milaka urte; haien bizimodua aldatu zuen; haiek aldatu zituen. Eta gu gara kate ebolutibo horren azken muturra. Surik gabe beste bide bati helduko zioten antzinako hominidoek; eboluzioa beste era batera gertatuko zen; gertatuko ote zen?

Suak iluntasuna argitu zuen; giro hotza berotu, eta giza jarduera gauera eta negura luzatu. Suak babesa eman zuen animalien aurka; ehiza erraztu zuen, eta janaria digeritzeko bidea eman; osasunean eragin zuen —bakteria eta parasito asko ezabatu ziren—. Gainera, suarekin gaiak kimikoki eraldatu zituzten, metalak landu. Ondorio praktiko horiek guztiek hominidoen burmuina aldatu zuten; neurologian eragin zuten. Mundu mitikoaren sorrera hauspotu zuen suak, hortaz.

Baina sua, gizakiaren inoizko tresnarik garrantzitsuena, arrotza izan zen hasieran, eta arrotz izan zen luzaroan; historiaurreko espezialistek uste baino gehiago. Hala diote Leiden Unibertsitateko (Herbehereak) Wil Roebroeks eta Coloradoko Unibertsitateko (AEB) Paola Villa ikerlariek. Proceeding of the National Academy of Sciencies aldizkarian kaleratu dituzte euren ondorioak: hominidoek ez zuten sua menderatu duela 400.000 urte ingurura arte. Hots, Homo erectus izan zen lehena sua pizten.

Ezadostasun handiak sortuko ditu baieztapen horrek, aditu askok duela bi milioi urte aipatzen baitutejanaria suarekin prestatzen hasi zireneko garaia. Dena den, iritzi zabaldua da Out of Africa eta gero sortu zitzaiela hominidoei sua menderatzeko premia, Europako hotzaren akuiluz. Ikerketak dioenez, ordea, lehen homo horiek ehunka milaka urte egon ziren sua menderatzeko teknologiarik gabe. Sua erabiltzea da bat, eta sua sortzea bestea, piztea. Roebreksek eta Villak Europako erregistro arkeologikoa luze-zabal miatu dute, eta ez dute sua egunerokotasunarekin erabiltzen zelako arrastorik aurkitu 400.000 urteko mugaren aurretik.

«Sua historiaurrean aipatzeak arazo bat dauka: sua erabiltzea eta sua piztea bereizi behar dira. Itzaltzea erraza izan daiteke, piztea ez hainbeste. Baina onartua da mundu akademikoan lehen-lehen gizakiek ere sua baliatu zutela, su naturala, ekaitz batean tximista batek sortutakoa adibidez». Javier Fernandez Eraso (Iruñea, 1954) EHUko katedraduna da Historiaurrean; suaren inguruko ikerketa kaleratu berria tentu handiz hartu behar dela dio. «Suarekin lotutako halako lanak azaltzen dira tarteka». Homo habilis suarekin lotzen du Fernandez Erasok, Homo erectus-en arbasoa. «Oldubain su txikiak izango zirenen arrastoak aurkitu zituzten 2,5 eta 1,6 milioi urteko antzinatasunekoak. Makapanseko australopithecusak topatu zituztenean ere, duela 3,3 eta 2,5 milioi urtekoak, ezuste bat baino gehiago izan zen: haietako bat erreta zegoen. Jakina, sua ondo menderatuz gero, ez duzu zertan erre… baina bada esanguratsua».

Gizakia: harraparirik ahulena

Homo erectus-en arrastoak argiagoak dira, hala ere. Homo erectus-ek sua menderatzen zuen; hori frogatu zuen Davidson Blackek (1884-1934) Chou-Kou-Tineko aztarnategian Sinantropus pekinensis-ekin (Homo erectus). «Nizako aurkikuntzak ere garbi uzten dute neanderthalen aurretik Homo heidelbergensis-ek ere (500.000-250.000 urte) menderatzen zuela sua». Fernandez Erasok honako hausnarketa hau egiten du: «Bitxia da, modurik okerrenean hornitutako harraparia da gizakia Lur planetan; suak aldatu zuen egoera».

Sua pizteko modu asko erabili izan dituzte hominidoek milaka urtetako ibilbidean. Bi motatako teknologiak baliatzen dituzte guztiek; perkusiozkoak dira batzuk (suharria eta ardagaia) eta marruskadurazkoak besteak. Marruskadurazkoak dira antzinakoenak: daratuluak edota laztabinak nahiz gubilak oinarri bat zerratzeko.

Gizakia sua erabiltzen nola hasi zen misterio bat da oraindik, dena den. Tximista batek sortutako sutik txingar batekin hasiko ote ziren? Hori da teoriarik zabalduenetakoa. Sua da gizakiak sagaratu zuen lehen teknika, eta sagaratu izateari utzi nahi ez dion azkenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.