Ezarian. Sute historikoak

Suaren indarra

Zigarro batek, tximista batek, txinparta txiki batek edo tiro ariketek eragin ditzakete mendiko suteak. Txikikeriak izan daitezke batzuetan kausak, baina handiak dira maiz ondorioak.

Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Sua magikoa da, indartsua. Etxeko sutondoan, hari begira, azkar ahazten dira arazoak. Baina suak indar suntsitzailea ere badu. Urtero mendi hektarea ugari erretzen dira; gizakien arduragabekeriarengatik askotan. Gironan (Herrialde Katalanak) 14.000 hektarea kiskali dira aurten. Azkenaldiko suterik handiena izan da. Gaizki itzalitako zigarro batek eragin zuen, uztailaren 22an, eta kalteak izugarriak izan dira: lau pertsona hil ziren, eta 22 zauritu. Sua kontrolatu ezinik ibili dira Alt Emporda inguruan. Euskal Herrian ere urtero gertatzen dira mendiko suteak. 2010eko datuen arabera, 1.435,55 hektarea kiskali ziren Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa eta Araban bakarrik. Ez da inoiz egon Gironakoa bezalako suterik, baina esanguratsuak badaude. Uxue eta Galarren gertatu dira (Nafarroa) azkenekoak, orain egun gutxi batzuk.

Handia, Izagaondoan

Euskal Herriko suterik handienetarikoa Izagaondoa ibarrean gertatu zen (Nafarroa), 2009ko uztailaren 22an. Udan izaten dira suterik handienak, eta Izagaondoakoa Txulapain (Nafarroa) erretzen zen bitartean piztu zen. Lan bikoitza Nafarroako langileentzat. Bi egunetan 1.170 hektarea kiskali zituzten bi suteek, eta horietako 768 hektarea basoa ziren. Asteazken arratsaldean hasi zen Izaganodoako sutea, suhiltzaileak Txulapaineko sutean lanean zebiltzala. Tximista batek piztu zuen, eta, hego haizearen eraginez, azkar zabaldu zen ibarrean barrena. Altzorritz, Zuhatzu, Erreta eta Liberrin piztu zuen sua, eta Nafarroako suhiltzaile etxeko suhiltzaileek eta Agoitzeko boluntarioek joan behar izan zuten sua itzaltzera.

Azken urteetako suterik suntsitzaileena izan da. Ingurumena izan zen hondatuena, baina, gizakientzat ere arriskugarria izan da. Lehenengo egunean, su garren erdian geratu zen Erreta, eta 60 pertsona irtenarazi zituzten herritik. Herritarrek arriskuan ikusi zituzten beren etxeak, baina sua gertu baino ez zen ibili. Azkenean, 876 hektarea kiskali zituen. Itzali bezain laster hasi ziren lehengoratze lanetan. Erretako zuhaitzak kendu behar izan zituzten, eta zenbait zuhaitz bakarrik birsortu dira.

Hiru sute, Ezkaban

Zenbait mendi, behin baino gehiagotan erretzen dira. Mendi bera, hainbat aldiz. Iruñea ondoan dagoen Ezkaba mendia, adibidez, 1986an, 2000an eta 2005ean erre zen. Lehenengo bi suteak militarrek eragin zituzteen, Aizoainen daukaten kuartelean egindako tiro ariketengatik. 2000. urtekoa abuztuaren 25an izan zen, eta 100 hektarea erre ziren. Hego haizea zebilen, eta zaila egin zitzaien suhiltzaile eta oihanzainei sua itzaltzea. Indarrak batu behar izan zituzten. Iruñea, Tafalla, Lizarra eta Zangotzako suhiltzaileek parte hartu zuten, baita Zaragozako ur hegazkin bat eta Errioxako helikoptero bat ere. Berriozarko igerilekutik hartu behar izan zuten ura.

2005eko abuztuaren 4an gertatutakoa ere zaila izan zen kontrolatzen. Haizearen eraginez, Ezkaba mendiko nekazaritza gunera zabaldu zen sua, eta airez itzali behar izan zuten. 50 pertsona inguru ibili ziren itzaltze lanetan. Gironan gertatu zen bezala, gaizki itzalitako zigarro batek piztu zuen sua. Ezkaba mendian gertatutako suterik handienetarikoa izan zen: 145 hektarea kiskali zituen. Baina natura berreskuratu egin da. Zenbait eremutan landareak landatu dituzte eta mendiaren hegoaldea bakarrik ernaberritu da.

Larreko suen arriskua

Neguan ere ohikoak dira suteak. Abereentzako bazkarako belarra egiteko eremuak erretzen dituzte abeltzainek. Gehienetan ez da ezer gertatzen, eta nahi duten eremua baino ez da erretzen. Hala ere, batzuetan ezbeharrak ere badaude. Hori da 2000. urteko otsailaren 10ean Ezterenzubin gertatutakoa (NafarroaBeherea). Philippe Sukia eta Clement Montezin arnegitarrek Errozate mendiko larreei su eman zieten ardientzako belarra lortzeko, eta, zoritxarrez, zortzi mendizale harrapatu zituen suak. Bost zendu ziren, bi larri zauritu, eta batek ihes egitea lortu zuen. Kartzelara eraman zituzten Sukia eta Montezin, nahi gabeko erailketa eta zauritzeak, segurtasun neurriak ez errespetatzea eta arreta gabe sua piztea leporatuta. Bost urteko zigorra bete zuten.

Errozate aldeko etxolan zituen ardiak Sukia artzainak. 2000. urteko otsailaren 11n, hamabost egun lehenago egindako suak belar txar guztiak erre ez zituela ikusi, eta berriro piztea erabaki zuen. «Ondoko mendietako kaskoetan suak ikusten genituen, ez zebilen haizerik, eta sua pizteko giro egokia zela iruditu zitzaigun», esan zuen Sukiak epaiketan. Semearekin eta Montezin lagunarekin joan zen larreei su ematera. Montezinek mendizale batzuk gurutzatu zituen sua egiten ari zela, eta keinuka handik alde egiteko esan zien. Mendizaleek oinez jarraitu zuten, eta epaiketan izugarrizko harrabotsa entzun zutela adierazi zuten. Izan ere, tximinia efektua eragin zuen haizeak. Bat-batean, 130 hektarea mendi erre ziren, azkar eta erreakzionatzeko modurik gabe. Arratsaldean iritsi ziren jendarmeak helikopteroz salbatzeko lanak egitera, eta ordurako ez zegoen ez surik ez eta haizerik ere.

Txinpartak Gaubean

26 ordu behar izan zituzten 2001eko abuztuaren 1ean Villamadren, Gaubea udalerrian (Araba), izandako sutea itzaltzeko. Uzta biltzeko makina batek egindako txinparten ondorioz hasi zen sua, eta azkar zabaldu zen ondoko mendira. Txinparta txiki horiek sekulakoa egin zuten: 203 hektarea kiskali zituzten. Herritarrak sua geldiarazten saiatu ziren. Itzalgailu, mahukak eta traktoreak erabili zituzten, baina ezin izan zuten suaren indarra garaitu. Ordu bat geroago bi helikoptero, Gaubeako suhiltzaileak eta ura garraiatzeko auto eta kamioiak gerturatu ziren, osotara, 150 pertsona. Ez zen nahikoa. Larri zebiltzala ikusi, eta laguntza gehiago eskatu zuten. Bost orduren buruan iritsi zen ur hegazkina Madrildik. «Berandu», Gaubeako alkate Patxi Unanuaren aburuz. Azkenean, Valderejotik gertu dagoen errepide bati esker geldiarazi zuten sua. Horri esker, sua ez zen Villamadre ondoan dagoen kanpinera eta Valderejo natur parkera sartu. Hala ere, Arabako Foru Aldundiak aitortu zuenez, «garrantzi ekologiko handiko» landareak suntsitu zituen suak. Lahar, arte, pinu eta haritzak zeuden han, eta artadia eta pinudia hondatu ziren gehienbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.